Urretxu-Zumarragarako bidegorria itxita egongo da datozen bi hilabetetan, Izuzkitza tunelean konponketa lanak egin behar dituztelako. Hala jakinarazio dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalari. Tunel horren inguruan harri askatze garrantzitsua somatu dute eta hori konpondu arte egongo da itxita bidea, larunbatetik (otsailak 1) aurrera. Esan bezala, lanek bi hilabate iraungo dutela kalkulatu dute Diputazioko arduradunek, beti ere eguraldi ona egiten badu.

Urola bailara hobeto ezagutu eta hobeto gozatzeko aukera hobea dute orain gurera etortzen diren turistek. Izan ere, Urolaturismo.net webgune berritua martxan da, eta bertan eguneratuta, hobeto antolatuta eta eskuragarriago jarri dituzte bailarako herri ezberdinetako eskaintza turistikoak. Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Aizarnazabal, Beizama eta Errezilgo udalek iaz abiatutako enplegu planaren barruan garatu da lan hori: Ekobailara proiektuaren barne, pertsona bat kontratatu zen eskualdean turismo jasangarria eta ingurune sozial, natural eta kulturalarekin errespetagarria den turismo jarduera sustatu eta bultzatzeko, eta pertsona horrek, Irene Elortzak hain justu, garatu du webgune hau, Elkarmedia Azkoitiko enpresarekin batera. Sakeleko telefono eta tabletetara egokitutako webgunea da, sare sozialetara ere egin du salto, eta hortik haratago ere egingo du proiektuak: telefono mugikorretan deskargatzeko app aplikazio bat ere garatzen ari dira, bisitariek herri bakoitzeko gida multimedia bat eskura edukitzeko.

 

Urola[b] mugimendua, gizarte mugimendu bat da, ekintzailetasuna nagusi duen mugimendua, hain zuzen ere. Horretarako abenduaren 9an, San Agustin kulturgunean (Azpeitia) batu ziren, hainbat kurioso eta ekintzaile. "Egia da edozeinek esan zezakeela, sortutako lan taldeak, itxuraz, ez zuela inolako lotura eta koherentziarik. Baina guztiok ezaugarri komun bat daukagu: ekintzaileak garela", hala diote mugimendu horretako kideek. Eta mugimendu hori aurrera emateko "12 hilabete, 12 ekintza" ekimena martxan jartzea erabaki dute. Eta bihar, ostirala (hilak 31), aurreneko pausoa emango dute:U31 "Proiektuen Azoka".

 

Hondakin organikoak bereizteko 5. edukiontzia edo edukiontzi marroia erabili nahi duten herritarrek astelehenean dute hitzordua: edukiontzi erabiltzen hasteko beharrezkoa da giltza jaso eta 15-20 minutuko ikastaroa egitea, eta astelehenean egingo ditu kontu horiek Mankomunitateak. Aurreneko ikastaroa 11:00etan, izango da, Elkargunean, eta bestea 18:00etan, hori ere Elkargunean.

Iaz izan zen aurreneko aldiz IPAKA (Izarraitzpeko aniztasun kulturalaren astea), eta aurten ere egiteko asmoa du Udalak. Horretarako Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia udalerrien arteko bilera bat egitea pentsatu dute udaleko arduradunek, udaletxeko eta kulturako eragileekin urtarrilaren 29an, asteazkenean, Azkoitiko udaletxean, goiko solairuan, arratsaldeko 7etan.

Bileran landuko dena:

- Aurreko urteko IPAKA-ren balorazioa.

- Aurtengo IPAKA-rako datak, lekuak etab.erabakitzea.

- Antolatzeko plangintza egitea.

Santa Klara auzoaren ondoan dagoeneko eraiki da auzo-konposta gunea eta hori martxan jartzeko ikastaroa astelehenean (otsailak 3) egingo da. Ikastaro hori egiten dutenek, Santa Klarako gune horretan ez ezik, liburutegi atzeko gunea ere egin ahalko dute auzo-konposta. Horrez gain, auto-konposta (norbere etxean) egin nahi dutenei ere emango zaizkie azalpenak eta konpostagailua. Ikastaroa ordubete ingurukoa izango da, 19:00etan hasita, Elkargunean. Izena emateko edo informazio gehiagorako: 943 85-73-19.

Asteburuan luizia izan da Urrategira bidean eta errepideak kalteak izan ditu ondorioz. Errepide hori Diputazioaren eskumenekoa da, eta bertako arduradunek probisionalki pasoa zabaldu dute auzotarren joan-etorrietarako. Errepidea behin betiko nola konpondu aztertzeko bihar etorriko dira Foru Aldundiko arduradun eta teknikariak, eta orduan erabakiko dute errepidea nola sendotu.
Bitartean, bertan bizi diren auzotarrek izan ditzaketen arazo, behar eta premiei erantzutea izango da Udalaren lehentasuna. Horregatik, galdera, zalantza edo beharren bat duten urrategitarrei Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko eskatzen die, honako telefonora deituta:  943 85 71 71.

Elurra egiten duenean baserri bideak auzolanean garbitzen parte hartu nahi duten herritarrek dagoeneko eman dezakete izena: otsailaren 11ra bitartean udaletxean apuntatu beharko dute. Auzolan hori egiteko baldintzak hemen kontsultatu daitezke.
Al Ar Az Og Or Lr Ig