Iragan ostiralean '11 kantatzeko' ipuin kantaketa Aizkibel Udal liburutegian izan zen. Proiektua osatzen duten bideo eta liburuaren aurkezpen didaktikoa egin zuten aurrena, eta ondoren, ipuinak bertsotu ziren, flautarekin lagunduta. Horren ondotik, umeek karaokean abesteko eta dantzatzeko aukera izan zuten. Guztira 40 lagun inguru bertaratu ziren.

 

Joan den irailean Azkoitixen Bai Euskarari! egitasmoaren sustapen fasea martxan jarri zuen Udalak eta orduz geroztik, Azkoitiko establezimenduei egitasmoan parte hartzeko gonbita egiten ari zaie. Teknikari bat dagoeneko hasi da establezimendu horiek banan-bana bisitatzen eta egitasmoaren inguruko informazioa ematen.

Eta orain arte egindako bisitek eman dute aurreneko fruitua: Elkarmedia, S.L. enpresak egitasmora bat egitea erabaki du, eta lehenengo urtez jasoko du Ziurtagiria.

 

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Azkoitian? Galdera horri erantzuten saiatuko dira larunbatean Elkargunean egingo diren Kulturen arteko Topeketetan. Lema honakoa da: hizkuntza guztiak garrantzitsuak dira eta denek aberasten dute Azkoitia. Zein da zure hizkuntza? Arabiera? Gaztelania? Euskara? Txinara? Pulaar? Romano? Punjabi? Urdu?Edo beste bat? Emun kooperatibako kideek jorratuko dute gaia: bideo bat ikusiko da aurrena, eta gero bertaratzen diren jatorri ezberdineko azkoitiarrek euren esperientzia kontatu eta mahai ingurua egingo dute. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta bertaratu eta parte hartzera gonbidatzen ditu herritar guztiak Udalak.

 

 

Obra batzuk direla medio, Santa Klara kalea itxita egongo da astelehenetik aurrera, Gabonak ingurura arte. Konbentu paretik igerileku parera itxiko dute errepidea, autoentzat.

Iraurgi Saski Baloia taldea (Zilarrezko Adecco liga) babestuko du Azkoitiko Udalak, Azpeitikoarekin batera.Taldearen babesle berriak izango dira bi udalak, eta ondorioz, taldeak izena aldatuko du: Azpeitia-Azkoitia ISB.

 

Elurra egiten duenean baserri auzoetako bideak garbitzeko zerbitzua arautzeko ordenantza onartu du Azkoitiko Udalak. Hala, datorren urtetik aurrera deialdi publiko bidez aukeratuko dira zerbitzu hori eskainiko duten pertsonak, eta interesatu orok eman ahalko du izena. Baserri auzoetako ordezkariekin bilerak egin ostean erabaki da sistema hau ezartzea, auzotarren euren iritzia kontuan hartuta. Lehen bi lagunek kentzen zuten herri osoko elurra, baina toki batzuetara berandu iristen ziren eta ondorioz, zerbitzua ez zen guztiz eraginkorra. Hori nola hobetu aztertzen ari du Udala, eta auzotarrekin eurekin hitz egin ostean sistema berri hau ezartzea erabaki da.

 

Urola Erdiko udalek sustatutako enplegu planak baditu jada estrategia eta ekintza plana. Gaur aurkeztu dute eskualdeetako alkateek. Azken bi hilabeteetan eskualdeko enpleguaren diagnostikoa egin dute eta argazki benetako zaila erakutsi du diagnostiko horrek. Egoera ondo aztertu eta horri buelta emateko lan ildoak zehaztu dituzte orain: "Etorkizunera begira jartzeko ordua da, ekonomia berpiztu eta enplegua sortzeko garaia, eta hori lortzen lagunduko du estrategia honek", azaldu dute eskualdeko alkateek. Enplegu eta prestakuntza aukerak hobetzeko proiektuak diruz lagunduko dira, ekintzailetasuna eta autoenplegua sustatuko, kontratazioak sustatuko dituzten eskualdearen interes estrategikoei lotutako proiektuak babestuko dira eta eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko prestakuntza espezializatua finantzatuko da, besteak beste. Proiektuak aurkezteko epea azaroaren 26an amaituko da.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra