Egun hauetan hastear dira esku-hartze eremuetako bizilagunei eragozpenak eragin diezazkien hainbat hirigintza-lan. Datorren astelehenean hasiko dira Julio Urkixo eta Xabier Munibe kaleetako asfaltatze lanak. Zorua asfaltatzen hasi baino lehen, aurrelanak egingo dituzte arekatan. Denera bizpahiru aste iraungo dute lanek, aurreikuspenen arabera, baina obrek irauten duten bitartean, trabak sor daitezke. Edonola ere, une oro, eragozpenak minimizatzen eta saihesten ahaleginduko dira arduradunak.
Halaber, Ibaiondo kalean, anbulatorio ondoan justu, etxebizitza promozio berri bat altxako du Amenabar enpresak eta martxan ditu jada lanak. Esku-hartze horrek ere trabak eragin ditzake.

Larunbatean, hilaren 14an, 12:30ean, Udal Musika Bandak Candido Beristain zenaren omenezko kontzertua eskainiko du Kontzejupean, haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Bandak Txalkor Txistulari Taldearekin eta Irargi Abesbatzarekin batera emango du kontzertua.
Beristainek konposatutako obrak entzun ahalko dira larunbateko emanaldian. Halaber, Udal Musika Bandak bere eguna, Bandaren Eguna, ospatuko du.

Tags: ,

Azkoitiko Udala Atzegizalea da. Parte hartuko du Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien elkarteak, aurten abian duen sentsibilizazio kanpainan. Datozen egunetan, “Udal hau Atzegizalea da. Eta zu?” leloa daraman murala egongo da zintzilikatuta udaletxeko fatxadan.
Kanpainaren berri ematen izan dira udaletxean Atzegiko ordezkaria den Santos Uria eta bere semea, Lander Uria. Javier Zubizarreta alkatearekin eta Ongizateko zinegotzi Janire Igoarekin elkartu dira, eta adimen desgaitasuna duten pertsonen laneratzea bultzatzen duen “Pauso Berriak” programari esker, Udalean lan egiten duen Ander Idoeta izan dute bidelagun. Bisitan solas ederrean aritu dira Uriatar aita-semeak udal ordezkariekin.

Iraurgi Berritzeneko Enplegu arlotik, maiatzaren 16tik 24ra Bidelan programa garatuko da, bereziki emakumeei zuzenduta. 9:15etik 12:15era izango da Intsausti Jauregiko 1. go solairuan. Coaching teknika erabiliz, ariketa ezberdinak egingo dira partaideen gaitasun pertsonalak eta profesionalak lantzeko. Bestalde, eskualdeko sektore ezberdineko profesionalen bisitak ere izango dira bertan (Ekintzailetza, Industria, Zerbitzuak eta Menpekotasuna - 3. adina) eta bakoitzak bere alorreko prestakuntza eta enplegu eskaintzak azalduko ditu.
Programan parte hartzeko interesatuta dauden pertsonek, informazio gehiago lortu dezakete 688 873 589 telefonora deituz (Sandra).

30. Udaberriko Musikaldia zikloaren bigarren kontzertua eskainiko da larunbatean, maiatzaren 14ean, Santa Kutz Komentuan, 18:30ean. Arantza Ezenarro sopranoak eta Borja Rubiños pianistak hartuko dute oholtza oraingoan.
Bikoteak, besteak beste, Alessandro Scarlatti, Giuseppe Giordani, José Gonzalo Zulaika- Aita Donostia edota Francisco de Madina Igarzabal-Aita Madina konpositoreen obrak eskainiko ditu.

Igandean, Madariaga auzoan, San Isidroak ospatuko dira, “Madarixako Eguna”. Bertara joan nahi dutenek autobus zebitzua izango dute. Autobusa joan-etorrian ibiliko da goizeko 10:00etatik aurrea. Julio Urkixo kaleko geralekutik, Consum aurretik aterako da autobusa. Bueltako azken autobusa 14:00etan aterako da Madariagatik.

Tags: ,

Udaleko Berdintasun sailaren ekimenez, Tdiferencia konpainia nafarrak “Bi Ero Diskotekan” antzezlana aurkeztuko du larunbatean, maiatzaren 14an, Baztartxo Antzokian. 19:00etan izango da ikuskizuna eta sarrerak aurrez eskuragarri daude www.entradium.com atarian. Bestela, egunean bertan leihatilan erosi ahalko dira.

“Bi Ero Diskotekan” antzezlana “emakume-komedia da, ama-alaben komedia, topaketa, haserreak… baina batere ere, umorea erruz”. Obrak 60 minutuko iraupena du eta Maite Redin eta Adriana Olmedo dira zuzendariak eta aktoreak. Hirugarren aktore bat ere izango da oholtza gainean, Maitane Perez, hain zuzen.

GI-631 errepidea, Azkoitia eta Urretxu artekoa, erabat itxita egongo da hiru gautan datorren astean. Maiatzaren 10ean, 11n eta 12an, astearte, asteazken eta ostegunean, hain zuzen, bi erraiak itxita egongo dira ibilgailuentzat gaueko 23:00etatik goizeko 05:00ak arte.
26,600 eta 27,800 KP-en artean aurreratzeko tarte bat eraikitzen ari direnez, ibilgailuak bi noranzkoetan txandak zirkulatzeko aukera dute. Aipatu egunetan, ordea, babes elementuak kendu ahal izateko errepidea guztiz itxi beharrean aurkitzen dira.
Ordezko ondorengo ibilbideak gomendatzen dira: GI-3750 Elosuan barrena, GI-2634 Azkaraten barrena edota GI-2635 Mandubian barrena.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra