Elkargunea Azkoitiko Udalarentzat zama ekonomiko ikaragarria izan arren, ahalegin berezia egin eta 2013rako tasetan erabiltzaileentzat beherapen batzuk egitea erabaki zuen iragan hilean udal gobernuak. Urte berriarekin batera sartuko dira indarrean tasa berri horiek, eta horri esker, besteak beste familia bonoa egiten dutenek prezio hobeez gozatzeko aukera izango dute. Izan ere familiarteko bonoa merkatuko egingo da, eta orain arte 500 euro + BEZa kostatzen zena 2013tik aurrera 380 euro + BEZa kostatuko da. Horrez gain, 17 urtez azpiko seme-alaben adinean ez da bereizketarik egingo eta familiarteko bono bakarra egongo da.Bi gurasoak langabezian dauden kasuetan, berriz, %25eko hobaria egingo da familia arteko bonoan. Bono egin nahi dutenek urtarrilaren 15a baino lehen jakinarazi beharko dute Elkargunean.

 

Azkoitiarrek eta Udalak aukeratu dituzte 2012ko kirolari, Gabon giroko eskaparete eta Bizenta Mogel ipuin lehiaketako onenak. Xabier Oroz saski baloi jokalaria aukeratu dute urteko kirolari onena, kirolariek eurek larunbatean egindako bozketan. Gabon giroko eskaparate onenaren saria, berriz, NHO dekorazioa dendak jaso zuen, eta bigarren saria Sofia Studio 18k. Bizenta Mogel ipuin lehiaketari dagokionez, Oihane Fernandez getxoztarrak jaso zuen aurreneko saria, Lide Rekondo azkoitiarrak bigarrena eta Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak hirugarrena.

Aizkibel liburutegia abenduaren 24, 25 eta 31an eta urtarrillak 1 eta 5ean itxita egongo da. Bestelako egunetan, goiz eta arratsaldez zabalik, eta abenduak 29 larunbata goizez irekita, ohiko ordutegian.

Floreaga Zaharren azken urteotan barrakoiak egon diren aparkalekuan ezin izango da ibilgailurik aparkatu abenduaren 25etik 30era bitartean, egun horietan plazan egingo den Gabonetako azokako partaideek aparkatuko baitute bertan.

 

Elkarmediak Azkoittixen Bai Euskarari! programaren barruan Bidean ziurtagiria jaso du. Argazkian, Robert Gutierrez Ziurtagiria Elkartekoa, Jose Antonio Sudupe Elkarmediako kidea, eta Agurtzane Epelde Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotzia agiri dira, ziurtagiria entregatzen. Bidean ziurtagiria programa horretako lehen mailako ziurtagiria da: ondoren datoz Zerbitzua Euskaraz maila eta Zerbitzua eta Lana euskaraz maila.

 

Gabonetako azoka berezia izango da aurten, abenduaren 27tik 30era. Egun horietan, musika, antzerkia, kale animazioa eta jaki eta artisauen postuz beteko da herriko plaza, Eguberrietako jai berezi hauetan Azkoitiko kale giroa indartzeko asmoz. Udaleko merkataritza sailak antolatu du azoka berezi hori, egun seinalatu hauetan herriko kaleak erakargarri egiteko asmoz.

Danon Herrixe partaidetza prozesuan herritarrek egindako proposamenak aurrekontuetan nola txertatu aztertuko duen lan taldea urtarrilean osatuko da. Izan ere, lan talde hori lanean hasi aurretik herritarrek egindako proposamen guztiak ekonomikoki eta teknikoki aztertu nahi ditu Udalak, eta horretarako uste baino denbora gehiago beharko du. Azterketa horiek guztiak urtarrilerako eginda izatea espero da, eta orduan osatuko da lan taldea: udal ordezkari, teknikari eta herritarrek osatuko dute lan talde hori. Lan talde horretan parte hartuko duten herritarrekin zuzenean jarriko da harremanetan Udala.

Urte berria ikasiz hasteko proposamena egiten du KZ guneak. Horretarako sei ikastaro antolatu ditu urtarrilerako teknologia berrien doako zerbitzuak: E-administrazioa, Google Apps, Oinarrizko Internet, Irudia eta soinua, Software librea eta Sare sozialak 2.0 ikastaroak emango dira hil honetan. Hemen programazioa. Informazio gehiago: KZ gunea, Elkargunea. 943 023 619 edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5