2013ko uztailean udalbatzak onartutako %70 edo gehiagoko gaikako bilketara iristeko helburua lortzeko sistema eraginkorrenak aztertzen aritua da Azkoitiko hondakinen lantaldea, eta hainbat aukera aztertu ostean, bilketa sistema mistoa bat jartzea erabaki du; Azkoitia Bai, EH Bildu, Zero Zabor eta hainbat herritarren babesarekin. Zehazki, honako sistema ezarriko da:
-Papera, ontzi arinak, beira eta organikoa orain arte bezala jasoko dira, edukiontzi finkoen bidez. Edukiontzi marroiari txipa jarriko zaio.
- Aldaketa bakarra errefusa edo edukiontzi grisean egongo da; edukiontzi grisa kendu egingo da eta birziklatu ezin diren hondakin horiek atez ate jasoko dira, astean behin, ordutegi zehatz batekin.
-Organikoaren bereizketan emaitza hobeak lortzeko, orain arte bezala, autokonposta eta auzokonposta indartzeko neurriak hartuko dira.
-Pardelentzat edukiontzi bereziak jarriko dira.
-Merkatari eta hondakin sortzaile handiekin ere lanketa berezia egingo da, egungo bilketa hobetu eta alor horietan bereizketa sistema eraginkorragoa lortzeko.
-Landa eremuetan gune berezituak jarriko dira, ekarpen guneak, hondakinak gaika biltzeko.

 

Bihar (apirilak 3) ez da umeen danborradako entsegurik izango, pilota partiduak direla-eta, eta ezta astelehenean ere (apirilak 7), idi probak direla medio. Hemen duzue hemendik aurrerako entseguen egutegia. Bestalde, kantinera eta karrozan aterako diren umeen zerrenda jada ikusgai dago Gurea Frontoian.

Urola Gustagarri ekimenaren baitan, Iraurgi Berritzen eta Urkomeren eskutik, eskualdeko ostalaritza sektoreari zuzendutako topaketa bat antolatu da. Sektoreko enpresei (jatetxeak, tabernak, hotelak, e.a.) bertako produktuak eta ekoizleen lana ezagutzera ematea du helburu topaketa honek. Txanda honetan, Urkaiko kooperatibak (Urola Kostako ganaduzaleen kooperatiba) eta Ardi gazta elkarteek beren produktu katalogoak aurkeztuko dituzte, eta parte hartzaileen artean egingo den produktu dastaketa batekin amaituko da.
Topaketa datorren apirilak 8, asteartean, arratsaldeko 18:00tan Larrañaga Hotel-jatetxean izango da, eta aurrez izena eman beharra dago honako telefono zenbaki hauetan:
Iraurgi Lantzen S.A. (Turismo), 943 851100
URKOME, 943 816500
Izen emateko azken eguna: apirilak 4 ostirala.

Urola Erdiko biztanleek eta udalek Partaidetzazko Aurrekontuen esperientzian parte hartu zuten 2013an. Horren arabera, Foru Aldundiak 500.000 euro utzi zituen herritarren esku. Prozesu parte hartzaile baten bidez, zazpi egitasmo lehenetsi zituzten eskualde horretan. Egitasmo horiek aurten gauzatuko dira eta, herritarrek hala eskatuta, prozesu horren jarraipenean ere parte hartu nahi dute. Horretarako, jarraipen batzordeak osatu dira eta egitasmo horietako batzuk nola gauzatuko diren erabakitzeko lehen bilerak lotuta daude. Eskualdeko historia berreskuratu eta balioan jartzeko plangintzari buruzko bilera, bihar, hilaren 2an, asteazkenean, egingo da, Azpeitiko udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan. Hilaren 3an, ostegunean, berriz, 18:00etan, Oroimen historikoa lantzeko egitasmoa gauzatzeari buruzko batzordea egingo da. Baserri bideak konpontzeko eta Burujabetza energetikorako plangintzari buruzko batzordeak hil honetan egingo dira, hilaren 9an eta hilaren 28an, hurrenez hurren.

 

Musika eskola, herriko bandak eta herriko hainbat musika talde elkartuko dituen musikagunea eraikitzeko lanak martxa onena doaz. Gune horretarako Elkarguneko lokal handia egokitzeko lanak egiteko lizitazioa iragan astean atera zuen Udalak, eta proiektuak aurkezteko azken eguna apirilaren 22a izango da. Hortik aurrera, proposamenak aztertu eta horietatik egokiena aukeratuko dute adituek, eta behin hori eginda, aipatu lokal hori egokitzeko obrak hasiko ditu aukeratutako enpresak. Ondo bidean, gune berria abendurako eginda egotea espero du Udalak, Musika eskolak, bandak eta musika taldeek trasladoa Gabonetan egiteko modua izan dezaten, eta datorren urterako gune berria martxan egon dadin.

Azoka plazan salmenta postu finko bat herritarren esku jartzeko prozedura zabaldu du Udalak eta lokal hori eskuratu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena eta aurkeztu dezakete beharrezko dokumentazioa. Lokalaren erabilera baimena gutxienez 20 urtekoa izango da, eta erabiltzaileek ordaindu beharreko kanona hilean gutxienez 428,32 eurokoa. Eskaintzak aurkezteko azken eguna apirilaren 23a da. Informazio osoa udal wegbunean dago eskuragai, kontratazioen atalean.

'Zer ari haiz esaten?' izenburupean zurrumurruen aurkako tailerra egingo da datorren asteartean (apirilak 1), Aniztasun Sailak antolatuta. Raquel Moreno D-Casek emango du tailerra, Xarxa Antirumorseko kide eta Bartzelonako Diputazioko aholkulariak. Zurrumurruen aurkako estrategia komunikatibo eta emozionalak landuko dituzte eta saioa teoriko praktikoa izango da. Helburua da estereotipo eta zurrumurruei bide ematen dieten gezurrek duten eraginaren inguruan kontzientzia kritikoa sortzea eta gero kontzientzia kritiko hori praktikan jartzen ikastea. Saioa 18:30ean izango da, Elkargunean.

 

Gaztien herrixe moiu ipurdixe' gazte topaketen bigarren saioa izango da ostiralean. Bertan, etorkizunera begira jarriko dira Azkoitiko gazteak eta besteak beste Azkoitiko gazte mugimendua indartzeko zer egin daitekeen aztertuko dute, gazteek eurek zer egin dezaketen, Udalak zer egitea nahiko luketen... 19:00etan izango da afari-topaketa, Elkargunean. Orain bi aste izan zen aurreneko saioa, eta orduan Azkoitiko gazteen egungo egoeraz hausnartu zuten bertaratutakoek. Horretarako, aurreko asteetan egindako hainbat elkarrizketetan bildutako informazioa hartu dute oinarritzat. Elkarrizketak lokala duten eta ez duten gazteen artean egin dira. Elkarrizketekin 300 gazte inguru ordezkatu dira, Azkoitiako 17-22 urte arteko gazteen erdia.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5