Badatoz Andramaixek. Astebete baino gutxiago gelditzen da festei hasiera emango dien txupinazoa lehertzeko, eta guztia prest du jada Udala. Herriko intsumisoek botako dute aurten txupinazoa, mugimendu antimilitaristak 25 urte bete dituela eta urte hauetan gizarte eta balore hobeagoen alde egindako lana eskertu nahi baitie Udalak. Hortik aurrera, adin, kolore eta gustu guztientzako moduko ekintzak antolatzen saiatu da Udala, horretarako egindako partaidetza prozesuan herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartuta. Besteak beste, haur eta gurasoen bazkaria indartu dute, 18ko paella bazkarirako toki eta jateko gehiago jarri dute, eta festetako ekitaldiak herriko gune ezberdinetara zabaltzeko ahalegina egin da. Programa gaur bertan (ostirala) hasi dira banantzen etxez-etxe, baina nahi izanez gero, sakeleko edo tabletean deskargatu daiteke jada. Izan ere, app aplikazioa sotu egin du Udalak Elkarmedia enpresaren bidez. Bertan, egitarau osoa dago ikusgai, bai eguneka eta baita gaika ere, eta horrez gain, herritarrek euren ekarpen iritzia eta ekarpenak egiteko aukera izango dute. Parte hartze, horrek gainera, bere saria izango du: app hori erabiltzen dutenen artean bi sari zozkatuko dira: Elkarmediak emandako tablet bat, eta Udalaren Kultura sailak emandako urte osorako bi zine bono. Aplikazio hori deskargatzeko google storen edo Apple storen 'Andramaixek' hitza jartzea nahikoa da. Andramaixek 400 urte betetzen dituzte aurten, eta urtemuga hori buruan, festez ahalik eta gehien gozatzera animatzen ditu Udalak herritarrak eta bertartauko direna. Ondo pasau Andramaixek!

Hemen duzue egitaraua, pdf formatuan

 

 

‘Jatorri anitz herri bat, lemapean', Attolara aniztasun egunpasa antolatu du Aniztasun Sailak ostiralerako (abuztuak 8), eta azkoitiar guztiak animatu nahi ditu parte hartzera. Elkartu, elkar ezagutu eta guztiok batera egun eder bat pasatzea da helburua, herriko aberastasun kulturalaz jabetu eta elkarbizitza hobetzeko helburuarekin. Jatekoa, edatekoa eta musika ezberdinak elkarbanatu eta gozatzeko aukera egongo da.
Heldu, gazte, ume eta familia oro dago gonbidatuta; norbere jatekoa eta edatekoa ematea nahikoa da, eta musika, instrumentu, jolas edo bestelako joku guztiak ongi hartuak izango dira. Attolara joateko autobusa egongo da, 11:00etan, liburutegi aurrean, dohainik.

Pardelak jasotzeko edukiontziak itxita daude gaur (asteartea) arratsaldeaz geroztik, eta txartelarekin soilik ireki ahalko dira. Orain arte eskatu duten herritar guztiek aktibatuta dute pardelen edukiontzia irekitzeko txartela, baina orain aktibatzea nahi dutenek Hondakinen Bilketa Selektiborako bulegotik pasatu beharko dute (Herriko plazan).

Martirietara joateko egiten ari diren zubiaren lanak direla medio, asteazkenetik ostiralera (hilak 6tik 8ra), itxita egongo da Txalon Erreka auzorako sarrera. Ondorioz, auzo horretako bizilagunek kotxeak auzotik kanpo aparkatu beharko dituzte, egun horietan ezingo baituzte atera. Auzora oinez sartu beharko dira. Martierieta auzorako sarrera ere itxita egongo da egun horietan eta bertako biztanleek Olotzako bide alternatibotik joan beharko dute.

Musika Hamabostaldia Azkoitira etorriko da aste honetan. Asteazkenean ikastaro berezia izango da Amabirginaren Jasokunde parrokian: 'Organo bidezko musika erromantikoa interpretatzeko nazioarteko ikastaroa" emango da bertan, 10:30etik 13:00era, eta hamar estatu ezberdinetako 24 organistek hartuko dute parte: Mexiko, Txile, Kolonbia, Japonia, Errumania, Suezia, Danimarka, Frantzia, Italia eta Espainiakoek hain justu. Horren ondoren, ostegunean (abuztuak 8), 20:00etan, Thierry Escaich organista eta inprobisatzaileak kontzertua emango du, honek ere parrokian bertan. Hemen duzue kontzertu horren inguruko informazio osoa

 

Abuztuko turismo eskaintza bihar (abuztuak 5, asteartea) estreinatuko da Azkoitian. 12:30ean hasiko da bisita, Amabirjinaren jasokundeko parrokitik eta "Dorretxe eta jauregi artean" izenarekin bataiatu duten ibilbidean herriko jauregi, dorretxe eta elizen historia eta pertsonaia esanguratsuenak ezagutzeko aukera izango da. Bisitak 2 euroko prezioa du eta tiketa bisitako unean emango da. Gutxienez 8 pertsonako taldea batu beharko da bisita ateratzeko. Bihar izango da aurreneko bisita, eta horren ondotik, hilaren 12an eta 26an ere egingo dira. Era berean, taldeentzako bisita bereziak ere eskainiko dituzte nahieran, abuztuan eta irailean, aurrez erreserba eginda. Informazio osoa lortzeko eta erreserbak egiteko,  943-15 18 78 telefonora deitu edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi behar da. Horrez gain, 'Zu ere pilotari' esperientzia ere eskaintzen die Azkoitiak turistei,  Jorge Oteiza Frontoietara bisita gidatua, pilota praktikak eta hamaiketakoarekin. Hemen duzue, ikusgai, abuzturako Iraurgi Berritzenek Azkoitiak ez ezik Azpeitian ere antolatu dituen bisita gidatuak.

Atzo (asteartea), arazoak izan ziren Herriko plazako errefusa bilketan eta edukiontziak behar baino beranduago jarri ziren. Udalak barkamena eskatzen du horregatik, eta berriro horrelakorik gertatu ez dadin hartu beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du. Horrekin batera, eskerrak eman nahi dizkie edukiontziak falta izan ziren une horietan gizalegez jokatu zuten azkoitiar guztiei.

Xabier Munibe ikastolaren eraikin berria egiten datozen egunetan hasiko dira. Hala jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzak Udalari. Izan ere, eraikina egingo duten eremua garbitu du Udalak eta saneamendu hoditeria lanak ere esleitu ditu, eta orain Jaurlaritzari dagokio eraikitze lana egitea. Vias Y Construcciones S.L. Enpresari esleitu zizkion lan horiek Lakuak, eta orain urte eta erdi du enpresa horrek eraikin berria egiteko.

Eraikin berria egiteko proiektuak hasiera batean 7,5 milioi euroko aurrekontua bazuen ere, azkenean 4.519.350 milioi eurotan esleitu zituen Jaurlaritza: 1.600.000 euro aurtengorako eta 2.919.350 euro hurrengorako.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5