Bi asteburu luzeren ondoren, bukatu dira Sanandres festak. Euriak euri, umorez eta giro onean joan zen Sanandres eguna igandean, eta jendez lepo egon ziren kaleak eguerdi bueltan. Bereziki hunkigarria izan zen Tomas Zubizarreta 'Zendoixe' trikitilariari egindako omenaldia. Igande eguerdian, udal pleno aretoan, 'Zendoia, pozaren mezularia liburua eta diskoa (32 piezarekin)' aurkeztu zuen Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak, trikitilariak 84 urte bete zituen egun berean, eta aurkezpenarekin batera, herriko eta bailarako trikitilari gazte zein heldu bildu ziren bertan. Ondorengo herrikirol erakustaldian ere ez zen emoziorik falta izan, eta plazara gerturatututakoek gozatu ederra hartu zuten Olasagasti, Idoia eta gainerako kirolariekin. Festetako argazki eta bideoak Azkoitiko Udalaren Facebook atalean dituzue ikusgai.