SPRI enpresa garapenerako euskal agentziak enpresa txiki eta ertainentzat RENOVE plana martxan jarri du. Diru-laguntza horrek makinariaren kostuaren %15a finantzatzen du, beti ere makinako gehienez 70.000 euro eta guztira, gehienez, 100.000 euro. Diru-laguntza jasotzeko baldintzak, berriz, honakoak dira: makinak  2014an eskatuta egon behar du eta diru-laguntza eskatzerako kostuaren %10a ordainduta. Eskaera Internet bidez  egin behar da (www.spri.es) eta behin dirua jasota, 12 hilabete dituzte makinaria ipintzeko + beste 3 hilabete likidazioa eskatzeko. OSALANek begiztapen lanak egingo ditu, ikusteko makina instalatuta dagoela.

Informazio edo laguntza gehiago behar izanez gero, jarri harremanetan Iraurgi Berritzenekin 943 85 11 00.

Zaborraren eta uraren tasetan %90era arteko hobaria lortzeko aukera dute zenbait azkoitiarrek, familiako kideen eta diru sarreren arabera. Hobari horren inguruko informazio osa udaletxeko harrera bulegoan dago eskuragai, eta hobariaren eskaria ere bertan egin beharko da. Azken eguna, martxoaren 7a.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldean sustapen ekonomikoa bultzatzeko plan bat prestatzen ari da eta plan hori aurkezten izan da aste honetan Intsausti Jauregian. Bilera horretan, Diputazioko Lurralde Garapen eta Berrikuntzako arduradunak eta Gipuzkoako garapen agentzia ezberdinetako ordezkariak bildu dira, eta Aldundiaren proposamen zirriborroa aztertu dute. Helburua da proposamen hori eragile guztien artean landu, ekarpen zein bestelako iradokizunak jaso eta elkarlanean plan definitibo bat egitea, krisi ekonomikoaren aurrean, ahalik eta neurri eraginkorrenak hartzeko. Iraurgi Berritzeneko ordezkariak ere bertan izan ziren, euren ekarpenak egiten.

`Gure inguruari begirada bat' argazki lehiaketako irabazleen lanak ikusteko erakusketa zabalduko du Udalak ostiralean (hilak 21), Torre Zurin. Erakusketa otsailaren 21, 22, 23 28, martxoak 1 eta 2an egongo da ikusgai, ohiko ordutegian.

Juan Mari Ibarzabal, Iñigo Olarte, Iñaki Aranburu, Valen Garcia, Angel Olabarria, Mikel Zengotita, Juan Luis Odriozola, Iñigo Manterola, Javier Beristain eta Luis Llavoriren lanak egongo dira ikusgai, eurak izan baitira lehiaketaren irabazleak. 'Naturaren ikuskizuna' gaia buruan hartuta ateratako argazkiak dira.

Herrixen Azkoitiko merkatarien elkartean urtero egiten duen Outleta otsailaren 22 eta 23an egingo da, Elkargunean. Ordutegia honakoa izango da: larunbatean, 10:00-14:00 /16:00-20:00 eta igandean 10:00-14:00 / 16:00-19:00. Umeentzat zaintza zerbitzua ere egongo da.

Aztarna ekologikoa, hori da aurtengo ikasturtean Azkoitiko ikastetxeetan Eskolako Agenda 21en barruan lantzen ari diren gaiaEnergiaren, mugikortasunaren edota kontsumoaren inguruan hausnartuko dute, besteak beste, eskola eta herria jasangarria izateko ahaleginetan. Agenda 21 programaren helburua ikasleenga ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak sustatzea da, eta asmo horrekin Lehen Hezkuntzakoek garraioa, ura eta energiaren kontsumoaren inguruan lan egingo dute, eta Bigarren Hezkuntzan Azkoitiko aztarna hidrikoa eta energetikoa aztertuko dute.

 

Iraurgi Berritzeni 200.000 euro ordaindu beharko dizkio Espainiako gobernuak. Hala agindu du Espainiako Audientzia Nazionalak. Izan ere, bere garaian Mariano Raxoi presidente izendatu berriak garapen agentziari kendu egin zion laguntza hori, eta erabaki horren aurkako epaia iritsi da orain. Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak diren Eneko Etxeberria eta Pello Bastarrikak, agerraldia egin zuten atzo, Iraurgi Berritzeneko zuzendaria Begoña Beobiderekin batera, ebazpenaren berri emateko.

 

Ate joka datoz inauteriak eta Udala ari da dagoeneko festa prestatzen. Helduen mozorro lehiaketa eta taberna apainketa lehiaketa martxoaren 1 gauena egingo dira, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, udaletxeko harrera bulegoan. Izena emateko azkeneko eguna otsailaren 28a da, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da 16 urtetik gora izatea. 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra