Hondakinak biltzeko sistema berriaren inguruan azken egunetan herrian sortutako giroa dela eta, zenbait gauza argitu nahi ditu Udalak.

- Ezartzera doan sistema partaidetza prozesu baten ondoren erabakitakoa da. Orain urtebete, hondakinen mahaia sortu zuen Udalak gaiaren ingurukoak hitz egin eta akordioa lortzeko. Mahai hura irekia izen zen,eta herriko alderdi, talde, eragile eta norbanako guztiei egin zitzaien gonbita parte hartzeko. Batzuk batu ziren, eta beste ez parte hartzea erabaki zuten, euren borondatez. Mahai hartan bildutakoek sistema berriak izan beharreko gutxienekoak adostu zituzten:%70eko berziklapen tasara iristea, errefusari atea ixtea eta irizpide teknikoen araberako sistema aukeratzea. Eta gogoratu, uztaileko udal plenoan EAJ, Azkoitia Bai eta EH Bilduk guztiok batera onartu genituela sistema berriaren gutxienekoak. Orduan hartutako konpromisoa betetzea eta gauzak ondo egitea guztion ardura da.

‘Gu ere bertsotan' programan parte hartu duten ehundik gora haurrek ikasturte amaierako bertso jaialdia egingo dute asteazkenean (maiatzak 28), Baztartxon, 18:30ean hasita. Bertan, Floreaga Salesiar ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako haurrek ikasturte osoan zehar programa horren barruan ikasitakoa taularatzeko aukera izango dute.

Jaialdian, LH5, LH6, eta DBH1 mailetako haurrek bertsolariarekin eta ikastetxeetako irakasleekin landutako bertsoak taularatuko dituzte. Jaialdia gurasoei zuzenduta badago ere, bertsogintza gogoko duten herritar oro gonbidatuta dago bertara. Sarrera doakoa eta irekia da.

 

Hondakinak biltzeko sistema berria gizarteratzeko herritarrekin eta merkatariekin bilerak egin ditu jada Udalak. Guztira 9 bilera egin ditu herritarrekin eta 500 lagun baino gehiagok hartu dute parte, auzoka banatuta. Bilera horietan sistemaren inguruko informazioa emateaz gain, herritarrek dituzten galdera eta zalantzak ere argitu dituzte udal ordezkariek. Merkatariekin ere egin dira bilerak, haien hondakinak nola bilduko diren zehatz-mehatz azaltzeko. Bai herritarrekin eta bai merkatariekin egin diren bileretan, zintzilikarioak non kokatzeko asmoa duen azaldu die Udalak herritarrei, eta informazio hori etxez-etxe ere banatu da: portal bakoitzari berari dagozkion zintzilikarioak non egongo diren jakinarazi zaio, eta horren inguruko informazioa jarri da bebarruetan. Orain, kokapen horren inguruan ekarpen edo proposamenen bat egin nahi duten portalek ekainaren 6ra arte izango du horretarako aukera: dagoeneko portaletan banatu den orri bat bete beharko dute, bebarruko bizilagunen gehiengoak sinatuta, eta plazako informazio bulegoan entregatu. Ekarpen horiek guztiak aztertu ostean, zintzilikarioen behin betiko kokapena erabakiko du Udalak.

Azkoiti eta Azpeitiko udalek ekintzailetasuna sustatzeko diru-laguntza sorta berri bat jarri du martxan. Langabezian egon eta enpresa jartzeko ideiaren bat dutenentzako laguntzak dira, 10.000 eurora artekoak, eta Iraurgi Berritzenen bidez tramitatuko dira.  "Ideiaren bat eduki baina langabezien dagoen herritarra lanean jartzea nahi dugu, ematen diren laguntzekin ia autonomoetan alta ematea behintzat ordaintzea. Hau da, etxean geratu beharrean daukan ideia hori martxan jartzea", adierazi du Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak. Guztira 150.000 euro jarriko ditu Iraurgi Berritzenek, eta hiru motatako diru-laguntzak izango dira. Oinarriak dagoeneko publikatu dira GAOn.

 

Atzo, gaur eta bihar, herriko merkatariekin biltzen ari da Udala, hondakinak biltzeko sistema berriak eurei nola eragingo dieten azaldu eta dituzten zalantzak argitzeko. Atzo harategi eta arrandegietako merkatariekin bildu zen, gaur (asteazkena) janari denda eta etxeko tresnekin bilduko da (15:15ean) eta bihar bilera orokorra egingo dute, hau  ere 15:15an. Bilerak Elkargunean izango dira.

 

'Gure haurren elikadura; osasunez hazi' hitzaldia emango du hilaren 29an Silvana Huegunek Xabier Munibe haurreskolan. Huegun dietista, nutrizionista eta naturopata da, eta horrez gain biomagnteismo, iridiologia, 'bach loreak' eta kinesologian prestatua dago. Hitzaldiaren helburua haurra hasieratik ohitura osasuntsuetan nola murgildu aztertzea izango da. 18:00etan hasiko da hitzaldia, haurreskolan bertan, eta gaia interesatzen zaion orori zuzenduta dago, beraz, haurreskolako gurasoak ez direnak ere gonbidatuta daude.

Azkoitiko landa eremutako lur-sailetan libre dabiltzan ahuntzek, behorrek, behiek, ardiek, ... jabearen lursailean ibili behar dute, besteen sailetan kalterik ez sortzeko. Ganadu jabearen ardura da bereak ez diren sailetara animali horiek ez joateko neurriak hartzea (lotzea, itxitura egitea, ....). 15 egunetan neurri hauek hartzen ez badira, Udalak ahuntzak hiltzeko batida antolatzeko eskaera luzatuko dio Foru Aldundiari. Aurreko neurriak hartu dira sorturiko kalteak desagertzeko.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra