Egutegi fiskalaren arabera, Ibilgailuen gaineko Zerga martxoaren 25ean kobratzekoa zen Udala zerga hori helbideratuta zuten herritarrei. Arazo teknikoak medio, ordainketa hori atzeratu egin da eta apirilaren 2an kobratuko dute azkenean.

Apirilaren 26an egingo da umeen danborrada, aurten ere Pazko Asteko larunbat arratsaldean. Iaz erabaki zute egunez aldatzea antolatzaileek, eta izandako arrakastaren ondorioz aurten ere data hori mantentzea erabaki dute. Eta aurten ere berrikuntzekin dator, batez ere berdintasunaren ikuspegitik. Hala, karrozan LH1eko neskak eta mutilak aterako dira, baserritar jantzita, eta zozketa bidez aukeratuko dituzte. Horrez gain, DBHko taldea mixtoa izango da, eta neskak eta mutilak elkarrekin aterako dira sukaldari jantzita, eta antolatzaileek gogorazi nahi dute bai banderadun eta bai kantinera/o ateratzeko aukera neska zein mutilek dutela. Hauek aukeratzeko ere zozketa egingo da. Danborra jaotzen ateratzeko gutxieneko adina, berriz, aldatu egin da eta LH2tik aurrerako umeek aterako dira. Entseguak martxoaren 31n hasiko dira, eta honako egunetan egingo dira: astelehen, asteazken eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara, Gurea frontoian.

 

Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Iraurgi Berritzenenn bidez eta Urola Erdia bailarako gainerako udalerriekin batera, eskualdeko mapa industriala osatzeko prozesua abian jarri dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Europar Batasunaren laguntzarekin egiten hasi diren proiektuaren helburua eskualdean kokatzen diren 327 enpresen jarduerari eta gaitasunen inguruko informazioa bildu eta elkarlanerako nahiz aukera industrial berriak detektatzea da. Arduradunek enpresak animatu nahi dituzte proiektuan kolaboratzera; "Dugun egoeraren jakitun gara, baina ezin dugu geldirik egon, jarrera pro-aktiboa behar dugu. Horregatik, ahalik eta informazio zabalena behar dugu, ez jarduera eta produktuei buruz bakarrik, gaitasunei, proiektu eta erronken ingurukoak ere. Horrekin ikusiko dugu zein harreman posible egon daitezkeen eskualdeko enpresen artean, eta noski, bailaraz kanpokoekin ere", esan du Iraurgi Berritzeneko arduradun Jesus Agirrek.

 

Herri historia berreskuratzeko Matadeiko bekarako proiektuak aurkezteko epea martxoaren 31n amaitzen da, beraz, interesatuek astebete dute lanak entregatzeko. Animatu eta parte hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Hemen duzue bekaren inguruko informazio osoa.

Martxoaren 29an 'Ondoko hilobiko tipoa' antzerkia emango du Txalo Antzerki taldeak Baztartxon eta saioa ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude udaletxean, Kultura Sailean (09:00etatik 14:00etara). Aurretik erosiz gero, sarrera 6 euro kostatuko da, eta egunean bertan erosita, 8 euro. Antzerkia 22:00etan izango da.

Larunbatean (hilak 22) Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia egingo da eta hori dela eta, Julio Urkixo kalean 10 zenbakitik (Eroski txiki ingurutik) 40 zenbakira (Telepizzara) kotxerik ezingo da aparkatu.

Azkoitiko autobus zerbitzua uztailerako martxan edukitzea nahi du Udalak, eta zerbitzu hori azkoitiarren beharretara ahalik eta ondoen egokitzeko bigarren bilera egin zuen asteartean herritarrekin. Autobusaren ibilbide proposamena aurkeztu zuen Udalak bilera horretan, eta proposamen hori egiteko kontuan izan dituen irizpideak azaldu: auzo ezberdinetatik anbulatoriora 08:00etarako iristeko aukera ematea, ikastetxeetako ordutegiak eta arratsaldeetako entrenamenduak kontuan hartzea eta San Jose egoitzaren bisita orduegiari lotuta egotea. Ibilbidearen nondik norakoak eta ordutegiak hemen dituzue daude ikusgai.

"Zure seme-alaba ongi hezteko oinarriak" hitzaldia emango du Juan Karlos Alonso psikologo eta guraso eta hezitzaileen formazioan adituak asteartean (hilak 25), haurreskolan. Bertan, informazioa jasotzeaz gain, esperientziak trukatu eta kezkak argitzeko aukera izango da. Hitzaldia 18:00etan izango da, eta haurreskolako gurasoentzat ez ezik, interesa duen orok joan ahalko du.


Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra