Martxoaren 8aren bueltan Azkoitiko Udalak eta Emakumeen Mahaiak elkarlanean antolatutako ekitaldietan herritar ugarik hartu dute parte. Emakumeen festa internazionaleak dozenaka andre batu ziren janariaren, musikaren eta dantzaren bueltan; elkarretaratzean ere jende ugari batu zen plazan, eta ipuin kontaketa eta zine emanaldietan ere jendea ibili da. Martxoaren 29an autodefentsa feminista ikastaroa egingo da, berriz, 17 urtetik gorako emakumeentzat, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, bai udaletxean (Berdintasun Sailean) eta baita Elkargunean ere (Gazte Informazio Bulegoan). Tailerra Maitena Monroyk emango du, eta bi saiotan izango da: 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era.

Abian da 'Urola gustagarri'. Ekimen berezia eta zabala da, bertakoa balorean jarriz aisialdia eta turismoa sustatu nahi duena. Bertako produktu eta ekoizleak, bertako sukaldari eta jatetxeak, bertako baserri eta ustiapenak, eta bertako azokak. Elementu guzti horiek uztartuz, ekitaldi eta ekimen ugari antolatuko dira, gure urola bailara bisitatu eta ezagutarazteko. Iraurgi Berritzenek eta Urkomek (Urola Kostako Landa Garapen elkarteak) sustatutako ekimena da eta bailarako lehen eta hirugarren sektoreko hainbat eragilek ere hartu dute parte. Eta ostiralean aurkeztu zuten 'Urola gustagarri'-ren lehen ekimena: martxoaren 7tik apirilaren 27ra, arkumea eta ardiaren deribatuak (esnekiak batik bat) ardatz hartuta, hainbat ekimen egingo dira. Hala, bailarako 11 jatetxek produktu hori oinarri hartuta menu bereziak prestatuko dituzte, baserri eta ustiategietara bisita gidatu bereziak egingo dira, bertako bizimodua, lan egiteko modua eta produktuak erakustarazteko, eta gastro ekimenak ere egingo dira; desgustazioak, sektoreko topaketak, azoka bereziak... Hemen duzue ekitaldien inguruko informazioa, eskuorrian. Aurkezpenean, Urkomeko eta Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta bailarako hainbat alkatek hartu zuten parte (argazkian).

 

 

 

 

Iragan asteazkenean Gipuzkoako Foru Aldundian INNOBIDEAK-KUDEABIDE programa aurkeztu zen. Programa hau, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) garatu dute Spri eta Euskalitekin elkarlanean, Euskal Herriko empresen kudeaketa maila hobetzeko helburu nagusiarekin. Programaren aurkezpenean, kudeaketa aurreratu gisa hainbat enpresa aipatu zituzten, eta horien artean Azkoitiko Alberdi Mekanizatuak S.L.

 

'Gure gorputza, gure erabakia. Emakumeok gure eskubideen jabe". Lema horrek jantziko du Martxoaren 8a Azkoitian. Emakumeen mahaiak eta Udalak elkarlanean antolatuta, martxoaren 7an hasiko dira ekitaldiak: Jatorri ezberdineko emakumeen arteko festa internazionala egingo da Elkargunean, 15:00etan hasita. Hortik aurrera, asteburu osoan eta martxoaren 29an, elkarretaratzeak, zinea eta bestelako hainbat ekitaldi ere egingo dira, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko (hemen duzue egitarau osoa)."Urte asko pasatu dira Olympe de Gouges, frantziarra, gillotinaz hil zutenetik, "Emakumearen eta Emakumezko Herritarren Eskubideen Adierazpena" idazteagatik. Urtean zehar mugimendu feministari esker berdintasunaren alde lortutako aurrerapausoak nabariak izan diren arren, benetako berdintasuna lortzeko asko falta da oraindik", eta horregatik dago oraindik aldarrikapenarena beharra. Hala azaldu dute Emakumeen Mahaitik. Ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte azkoitiarrak, eta Martxoaren 8a egun seinalatua izanda ere, berdintasunaren aldeko aldarrikapena eta borrokak egunerokoa izan behar duela gogora arazi dute.

 

Eguraldi txarra dela eta, aldaketak egongo dira inauterietako egitarauan: ostiral arratsaldean plazan egitekoak ziren ekitaldiak (merienda eta Eganen kontzertua), Gurea frontoian egingo dira. Ikastetxeetako desfilea egin ala ez, berriz, bihar 11:00etan erabakiko dute ikastetxeetan.

Azkotiko matadeiko eraikin berrienak 100 urte betetzeko ditu aurten. Herriaren historian, soziologian eta bilakaeran zeresan handia izan duen tokia da matadeixe eta hori abiapuntu hartua, beka bat sortu du Udalak, Azkoitiko azken 100 urteetako herri historia jaso eta liburu batean biltzeko. 6.000 euroko diru-laguntza izango da, eta proiektuak aurkezteko azken eguna martxoaren 31 da. Badira lehen ere Azkoitiko historia jaso duten liburuak, kalitatezkoak, baina oraingoan bilatzen dena historia horren irakurketa berri bat egitea da, datuen eta gertaeren interpretazio bat, kontakizun bat. Hala azaldu du Xabier Gantzarain kultura zinegotziak. "Behin Iñigo Aranbarrik esan zuen bezala, 'Historia datuz jositako zabortegi bat da', eta orain, datuak baino, lan akademikoa baino, kontakizun historiko bat behar dugu". Bekaren oinarriak, hemen.

 

Iaz egin zuten aurrenekoz esperientzia pilotua: Gipuzkoako Diputazioak Urola bailarako herritarren esku utzi zuen 500.000 euro zertan inbertitu erabakitzea. Aurrekontu parte-hartzaileak sustatzeko aurreneko pausoa izan zen, eta emaitzarekin gustura dago aldundia. Hala azaldu zuen atzo Martin Garitano Ahaldun Nagusiak, iazko prozesua baloratzeko egindako bileran. Bailaran zazpi proiektu martxan jartzea erabaki zuten iaz eta horiek martxan jarriko dira aurten. Hori nola egin aztertzeko herritarren jarraipen taldea eratu zen atzoko bileran, besteak beste, eta besteak beste, iaz hasitako bideari aurten ere jarraipena emango zaiola jakinarazi zuten Diputazioko arduradunek. Urolan ez ezik, Bidasoan, Tolosaldean eta Oarsoaldean ere egingo dira aurten aurrekontu partehartzaileak. Hala, 2 milioi euro utziko ditu herritarren esku Diputazioak 2014an.

 

Urolab ekintzailetasun mugimenduak "Sormen tailerra" antolatu du ostiralerako (otsailak 28). Bertan, "Brainstorming" (ideia zaparrada) teknika landuko da bi erronka nagusiren inguruan: Nola sortu eskualdeko elikadura burujabetza landuko duen talde eragile bat eta nola sustatu eskualdeko ekintzaileen artean coworkinga edo elkarlana? Galdera horien inguruan pentsatu eta iritzia eman nahi duen eskualdeko herritar oro gonbidatu nahi dute parte hartzera. Sormen tailerra 18:00tan hasiko da, Elkargunean, eta esan bezala, eta Urolabeko kideek bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak (Iraurgi Berritzen talde eragileko kideetako bat da). Zalantzaren bat izanez gero, Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera e-mail bat bidali. Informazio gehiago: www.urolab.eu webgunean.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra