Gero eta gehiago dira Azkoitian barazkigintzan ari direnak, eta gero eta gehiago, aritu nahi dutenak. Hala jakinarazi die Udalari partaidetza prozesuetan,eta horri erantzunez, baratze parkea egiten hasi da Udala, Kutxa Ekogunearen laguntzaz. Gipuzkoako Baratze Parke Sarean parte hartuko duen 11garren herria izango da Azkoitia, estatu mailako baratze sare handiena ostauz; 842 erabiltzaile eta kontsumo propiorako diren lur-sail ekologikoen 44.000 m2 –ko hedadura dauka sareak. Azkoitian, guztira, 66 partzela egingo ditu Altamira auzoan (horietako bat ezindu fisikoentzat), bakoitza 40 metro koadrokoa, eta baratze horietan lanean ari direnen lanabesak gordetzeko etxola ere jarriko du. Baratze hauetakoren bat eskuratu nahi duenak maiatzaren 19tik ekainaren 3ra bitartean eman beharko du izena, udaletxeko harreran. Hemen duzue informazio osoa eta izena emateko aurkeztu beharreko dokumentua

 

Pasa den astelehenean, maiatzaren 12an, Udal gobernuak bozeramaileen batzordea deitu zuen, mezkitaren baimen eskaeraren inguruan sortutako egoeraren aurrean hitz egiteko eta elkarrekin, hemen eransten den adierazpena adosteko.

Bileran PSE, Azkoitia Bai eta EH Bildu udal taldeetako ordezkariak izan ziren, eta garbi gelditu zen elkarbizitza eta aniztasunaren gaiak joko politikotik at gelditu behar direla eta gai horiekiko kontsentsua ezinbestekoa dela.

Bertan landutako adierazpena da honako hau. Momentuz, Bildu eta Azkoitia Bai Udal taldeek sinatua. EAJ eta PSE taldeen erantzunaren zai jarraitzen dute.

ADIERAZPENA:

Azkoitiko Udal Korporazioa osatzen dugun alderdi guztiok honakoa adierazi nahi dugu Floreaga auzoan egitekoak diren mezkitaren inguruan:

- Elkarbizitzarako deia egiten diegu herritarrei. Jatorri ezberdineko azkoitiarrek aniztasuna eta aberastasuna ematen diote gure herriari, eta balio horiek sustatzen jarraitu behar dugu. Giza Eskubideen gutunak hala dio: herritar guztiek dituzte eskubide eta betebehar berdinak, inor ezin da bere arraza, genero, erlijio edo sinismenengatik baztertu, eta Azkoitiak aspalditik erakutsi du horretarako gai dela. Jarraitu dezagun horretan.

- Udalak herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra dauka, eta kasu honetan ere hala egingo du. Herritar orok du legeak behar bezala betez gero, hau da, dagozkion baldintza teknikoak betetzen baditu, lokal batean jarduera eta obra baimena jasotzeko eskubidea.

- Kontu hau inolako erabilera politikorik gabe erabiltzeko konpromisoa hartzen dugu, edonolako alderdikeriaren gainetik dagoelako azkoitiarren arteko elkarbizitza eta giza eskubideen errespetua

- Udalak uneoro izan ditu ateak irekita, eta orain ere hala ditugu. Auzotarrek edo beste edozein herritarrek gai honen inguruan galdera, zalantza edo kezkaren bat baldin badu, dokumentu hau sinatzen dugu alderdi guztiok konpromisoa hartzen dugu herritarrekin bilera bat egin eta eman beharreko azalpen guztiak emateko.

Krisiak enpresen egunerokoan eragindako ondorioek erakutsi dute enpresen barruan eta lan egiteko moduetan ere berrikuntza beharra dagoela, pertsonen partaidetza bultzatzeko eta lurralde eta enpresa proiektu lehiakor, jasangarri eta partekatuak eraikitzeko. Hala antzeman dute eskualdeko eragileek, eta horri erantzuna emateko asmoz, Azkoitiko Iraurgi Berritzenek (Azkoitiko eta Azpeitiko udalak) proiektu bat jarri du martxan.

Enpresa, langile eta erakunde ordezkariez osaturiko topaketa eta mahai inguruak antolatzen ari da, eragile desberdinen arteko konpromisoak eta akordioak sustatzeko. Horretarako, azken hilabeteetan enpresa partaidetzari buruz enpresa eta eragile sozialakin lan saioak egin ditu, sensibilizazio eta kapazitazio saioak euskal enpresa esperientzien bitartez, eta eragile anitzeko mahai inguruak, hausnarketa eta neurri zehatzen proposamena adosteko. Egitasmo hau, Iraurgi Berritzenek koordinatu -Urola Erdiko sustapen ekonomiko eta berrikuntzarako agentzia moduan- eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo Sailak fi nantziatu du.

Honakoak dira azken bi hilabetetan Udalak martxan dituen obra nagusiak

1. Txerloian berritzeko zeuden bi tenis pistak konpontzen hasi da Udala. Horrenbestez, gune horretako hiru pistak berrituta geldituko dira lan horiek amaitzean. Herritarrek hala eskatuta erabaki du pistak konpontzea Udalak, Denon Herrixe partaidetza prozesuan azken bi ekinaldietan azkoitiarrek pistak konpontzea eskatu zutelako.

 

 

 

 

 

2. Xabier Munibe ikastetxearen azpiegiturak hobetzen ari da Udala. Ikastetxearen jolastokia inguratzen duen hesia berritu du, eta sarrerako ateetako bat konponduko du datorren astean.

xabiermunibe

 

 

 

 

 

3. Floreaga auzoan, espaloia konpontzen hasi da Udala. Denon Herrixe partaidetza prozesuan herritarrek hala eskatuta erabaki da espaloi hori berritzea, eta ekainerako amaituta egotea espero da.

floreagaespaloi

 

 

 

 

 

4. Bizkargi kalea berritzeko lanak uste baino gehiago luzatu zaizkio Udalari. Izan ere, konpontze lanak hasi direnean material ez egokia aurkitu dute bertako hoditerian, eta aldatzea erabaki dute. Lan guztiak aste gutxiren barruan amaitzea espero du Udalak

bizkargiobrak

Azkoitiko baserri auzoetako herritarrek aspalditik dituzte etxean Interneta jartzeko arazoak. Ohiko telefono konpainiek sareek ez diete koberturarik bermatzen, eta hainbat gunetan ezinezkoa dute euren etxean Interneta edukitzea. Arazo horri irtenbidea nola eman aztertzen aritu da Udala, beste herri batzuetako esperientziak ezagutu eta probatu ditu, eta azkenean Guifinet delako sistema ezartzea erabaki du.

Guifinet sare aske, ireki eta neutrala da. Hala definitzen du bere burua, eta bere filosofia Interneta eta bestelako edukia elkarbanatzea da. Alegia, Internet lineak erabiltzaile askoren artean elkarbanatzea.

Etxean Guifineta jarri nahi dutenei informazioa zehatzagoa emateko ikastaroa antolatu du Udalak. Sistema zertan datzan, norberak nola erabili dezakeen eta behar adinako informazio eta zalantzak argitzeko ikastaroa izango da. Maiatzaren 20an egingo da, 18:30ean, Elkargunean, eta landa eremuko biztanleei zuzenduta dago.

Zalantzaren bat izanez gero berriz 943 85 71 72  edo 625 70 63 74 telefonoetara deitu dezake.

 

Musikagunearen hirugarren hankak ere hasi du bere ibilbidea. Herriko musika taldeetako ordezkariek eta Udalak adostu dute lokalen erabileraren
arautegia, eta horrenbestez, asteburu honetatik aurrera, lokal horiek erabilgarri egongo dira .Lokalen kudeaketa herriko musika taldeek osatutako Azkoitiko Musikeruen Elkarteak egingo du egunerokoan, baina funtzionamenduari jarraipena egiteko batzorde bat egongo da: Elkarte horretako kide batek, musika taldeetako kideek, udal teknikariak eta Elkarguneko teknikariak osatuko dute jarraipen talde hori, eta bi urtean behin bilduko dira.
Lokal horiek erabiltzeko 16 urtetik gora izan beharko dira, eta musika taldekideen erdiek azkoitiarrak izan beharko. Ordutegia, berriz, astelehenetik igandera, 09:00etatik 01:00era izango da. Erabili nahi izanez gero, Udaleko Kultura Sailean eman behar da izena, (udaletxeko 4. solairuan /943 85 71 70).

Partaidetzaren alorrean azken lau urtetan egindako lana baloratzeko unea dela uste du Udalak, eta hori ere herritarrekin batera egin du. Asteartean egin zuen horretarako bilera, lau urte hauetan parte hartzea lantzeko erabili diren formulak, izan duten eragina, egindako akatsak... partekatu eta euren iritzia eta ekarpenak jasotzeko.

Dozenaka herritarrek hartu zuten parte astearteko bileran. 2012an Danon Herrixe prozesua martxan jarri zenean ezarritako helburuak gogoratu zituzten aurrena, azken lau urteotan partaidetza prozesuetan herritarrek ezarritako erronkak zenbateraino bete diren aztertu zuten ondoren, eta aurrera begira, herritarren eta Udalaren arteko elkarlana nola hobetu proposamenak bildu zituzten gero. Besteak beste, gazteengana gerturatzeko beharra azpimarratu zuten bertaratutakoek, eta adinekoengana iristeko premia ere bai. Horrez gain, partaidetzako ate ezberdinak irekitzen jarraitzeko eskatu zuten, bilerez gain Internet eta bestelako euskarriak erabiltzen segitzeko, eta aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko beharra nabarmendu zuten.

 

Partaidetza Azkoitia from Erlo Telebista on Vimeo.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra