Emakumeen Mahaiak eta Udalak deituta, elkarretaratzea egin zen atzo Herriko plazan, herenegun Mungian izandako erailketa matxista salatzeko. 'Indarkeria matxistari aurre hartu!' lemapean, dozenaka herritar bildu ziren Andina Pereiraren heriotza gaitzesteko.

Abarketatxo ludoketak prest du jada urteko aurreneko familia giroko irteera: martxoaren 30ean, Peru Harrira joango dira, Iñaki Perurena harrijasotzaileak Leitzan duen harriaren museora. 0-12 urte bitarteko haur eta euren gurasoentzako irteera izango da eta interesatuek hilaren 25a baino lehen eman beharko dute izena Ludotekan bertan. Haurrek 9 euro ordaindu beharko ditute, eta gurasoek 12. Plazak mugatuta daude.  Familia Giroan programa Abarketatxo ludotekak martxan jarri duen programa berezia da. Bertan, hiru hilean behin ekintzak antolatzen dira guraso eta haurrak elkarrekin parte har dezaten. Hemen duzue Peru Harrirako irteeraren inguruko informazio osoa.

 

Udaleko kontuhartzailetzatik jakinarazi nahi dute Ibilgailuen Gaineko Zerga martxoaren 25ean kobratuko diotela erreziboak helbideratuak dituztenei herritarrei. Erreziboa helbideratu gabe duten herritarrek, berriz, postaz jasoko dute erreziboa martxoaren 21a baino lehen. Ordurako jaso ez dutenek Udalaren Zergabilketa Bulegoan eskatu beharko du. Errezibo horiek ordaintzeko borondatezko epea apirilaren 16an amaitzen da.

Emakumeen eta gizonen arteko desorekaren adierazpen larrienetako bat emakumeen aurkako indarkeria da. Atzo Mungian, beste emakume bat, Andina Pereira, bere bikotekideak erail zuen. Indarkeria matxista gizarte egituraren baitan ezarria dago eta aurre egiteko ezinbestekoa da jendarte osoaren inplikazioa. Horregatik, Azkoitiko Udalak eta Emakumeen Mahaiak herritarrei dei egiten die bihar (asteazkena) 19:00etan Azkoitiko herriko plazan elkarretaratzera joateko gertaera hau gaitzesteko.

Azkoitiko alkate kargua utzi egingo du Pello Bastarrikak, osasun arazoak direla eta. Kargua ostegunean utziko du, ez ohiko plenoan, eta horren ondotik, Urrategi Alberdi, egungo Ogasun eta Aniztasun zinegotzia izendatuko dute alkate, hilaren 27an. Erabakiaren berri emateko agerraldia egin du Bastarrikak, udal gobernuko zinegotzi guztiak eta EH Bilduko ordezkari politikoak alboan dituela, eta bertan alkate izan den 3 urtetan egindako lanaren balantzea egin du, besteak beste. Azkoitiko herriari eskerrak emateko ere baliatu du agerraldia Bastarrikak "Azkoitiko herriaren ordezkaritza nagusia nigan konfiatu eta egunerokotasunean babesa eta animoak eskeini dizkidazuen herritarrei; ez dakit zenbateraino bete izan ditudan nigan jarri zenituzten espektaktibak. Bai esaten dizuet, gure herriaren alde ahalegin guztiak egin ditudala". Hemen duzue Pello Bastarrikak bere agurreko prentsaurrekoan esandakoa, oso-osorik.

 

Legegintzaldien eta alderdien ordezkarien gainetik, sozioekonomia sustatzeko elkarlanean aritzeko akordioa sinatu dute Bilduk, EAJk, Hamaika Batek eta PSEk.Eskualdearen sustapen ekonomikorako politikek eta estrategiek lehentasuna dutela adostu dute tokiko erakunde eta alderdi politikoek, eta udaletako ordezkari politikoen akordioarekin babestu dute erabakia. "Akordio hau arlo politikoan kokatzen dugu, eta bere oinarria da Urola Erdiko sustapen ekonomikoaren inguruko estrategiak garatzea. Gure ustez ezinbestekoa da jarduera ekonomiko berriak sustatzeko oinarriak finkatzea etorkizuna gure bailararentzat ona eta oparoa izateko", adierazi dute akordioa sinatu duten alderdietako kideek.

 

Hezkuntza informazio eta orientazio zerbitzu berria du Azkoitiak: BOZI, Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza zerbitzua. Urola Ikastolaren dago kopatuta zerbitzu hori (lanbide heziketako zentroan), eta adin eta hezkuntza maila guztietako herritarrei zuzenduta dago. Bertan, bailaran dauden ikasketa zentru publiko zein pribatu guztien inguruko informazioa emango zaie joaten direnei, zentru horietan dauden ikasketa eskaintzak, eta beharrezko informazio guztia. Baina hori bakarrik ez, orientazio zerbitzua ere eskainiko du: norbaitek ikasketa batzuk egin nahi baditu, bere formazioa hobetu nahi badu edo bide bat jorratu nahi badu, nondik nora jo azalduko diete, eta beharrezko baliabideen inguruko aholkularitza eman ere bai (bekak, diru-laguntzak...). Udala proiektu honetako kide da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Urola Ikastolarekin batera, "bailararen sozioekonomia hobetzeko eta sendotzeko ezinbesteko erreminta delako".

 

Enok Sudupek, Carmen Osak eta Maria del Carmen Carmonak irabazi dute gehiago biriziklatzeko ideia lehiaketa. Errefusaren edukiontzia "azken aukera naiz", "ni errefusa naiz" edo "ni ez naiz birziklatzen" gisako esaldiekin errotulatzea proposatu du Sudupek; erabilitako ur botila handietan plastikozko poltsak sartu eta hori aislamen gisa erabiltzea Osak; eta hondakinak etxepeka bildu eta gaika gehien sailkatzen duen komunitateari zaborraren tasa jaistea, Carmonak. Atzo jaso zituzten sariak Leire Etxaniz Mankomunitateko lehendakariaren eskutik.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra