Txerloia eta San Juan futbol zelaietako azpiegiturak hobetzeko lanak amaitu ditu Udalak. Txerloian, zelaia inguratzen duen sarea eta bere estalgune berdea berritu ditu, eta San Juanen, berriz, bi izan dira egindako lanak; batetik, porteria inguruko posteetan eta gantxoetan babesak jarri dituzte, jokalarien segurtasuna bermatzeko, eta bestetik eta harmailen atzealdean metrakilatozko panel bat jarri dute, eguraldi txarra egiten duenerako. Izan ere, orain arte eguraldi txarra egiten zuen aldiero busti egiten ziren harmailak eta arazo horri irtenbidea eman nahi izan zaio lanokin. Guztira 50.000 euroko inbertsioa egin da hobekuntza lan horietan, eta emaitzarekin gustura daude Anaitasuna taldekoak eta Udala. 'Gure beharren berri eman eta berehala egin dituzte lanak; gustura gaude elkarlanarekin, eta eskertu egin nahi dugu Udalaren jarrera", azaldu du Pedro Urdapilleta presidenteak. Urrategi Alberdi alkateak eta Jesus Oteiza zinegotzia ere gustura daude emaitzarekin, "Anaitasunaren kide diren ehunka gazte eta umeren mesederako izango direlako lanak, euren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko".
Loiolako Santutegian kokatuta dagoen eskualdeko turismo bulegoak ateak zabaldu ditu dagoeneko, 2015eko denboraldiari hasiera emanez. Iraurgi Berritzenetik kudeatzen den bulegoa urte amaierara bitartean egongo da zabalik eta bertan, eskualdeko eskaintza turistiko globala eskainiko zaie bisitariei. Gure eskualdea bisitatzera etortzen direnek zerbitzu, produktu eta baliabide ugariz gozatzeko aukera izango dute Urola gustagarri, 5 geltoki historian edota bisita gidatuak ekimenen bidez.
Bulegoak izango duen ordutegia honako hau izango da:
Asteartetik - Larunbatera: 10:30 - 13:30 , 15:30 – 18:30
Igandeak: 10:00 – 14:00
Astelehenak itxita.
Konponketa lanak medio, asteartean eta asteazkenean (hilak 17 eta 18an) ura moztuko dute 15:00etatik 18:00etara honako kaleetan: Bizkargi kaleko 5 ,6, 7 eta 9 zenbakietan eta Jandonianiz kaleko 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 8an. Gipuzkoako Urak jakinarazi duenez, mozketaren iraupena ustezkoa da, beraz gerta daiteke lanak pentsatu baino lehenago bukatzea eta kasu horretan abisurik gabe emango dute ura . Bestalde, luzatzen bada, Uraren Telefonoan (902 30 22 22) mozketaren berri izango duzue. Mozketa dela eta, presio jetsierak, uhertasuna eta nahi gabeko beste zenbait ondorio izan daitezke.
Umeen danborrada apirilaren 11n izango da, arratsaldean, eta entseguak gaur bertan hasiko dira (martxoak 16, astelehena), 19:00etan. Kantineren zozketa gaurko entsegu horretan egingo da, eta LH1eko karrozan ateratzeko zozketa, berriz, asteazkeneko entseguan (martxoak 18an). Gaurtik aurrera, astelehen, asteazken eta ostegunero izango dira entseguak, Gurea frontoian, 19:00etatik 20:00etara. Hemen duzue entseguen egutegia (gorriz markatutako egunak).
Badator Urola Gustagarri ekimenaren hirugarren edizioa. Datorren ostegunean (hilak 19) hasi eta apirilaren 19ra arte, bailarako ekoizle, baserritar, jatetxe eta bestelako eragileek menuak, ekintzak eta eskaintza turistikoak eskainiko dituzte, bertako beste bi produktu oinarri hartuta: bailarako txahal haragia eta behi esnea izango dira protagonista. Bertako produktuak balorean jarriz eta bertako hamar jatetxeetako sukaldariek trebetasun handiz prestaturiko menuen bidez, baserri eta ekoizpen guneetara bisita gidatu bereziak eta "ekitaldi gastronomiko" berritzaileak antolatu dira, hilabete horretarako aisialdi eta turismorako eskaintza berezia sortzeko, lehendik eskualde honek duen eskaintza turistiko oparoaren osagarri edota gehigarri.
Hemen duzue Urola Gustagarriren hirugarren edizio honetarako prestatutako egitaraua. Ekimena gaur aurkeztu da Donostian, Sevatur Gipuzkoako turismo ferian, eta esan bezala, San Jose egunean abiatuko da. www.urolagustagarri.eus blog berria ere martxan jarriko da edizioarekin batera, Gustagarri eta bertako ekintza guztiei buruzko informazio eguneratuarekin.
'Berdintasuna, eguneroko erronka: pentsatu, mugitu ekin!' lema ozen entzun da Azkoitian asteburuan. Martxoaren 8aren harira, ugari izan ziren gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko ekimenak: Artxamendin adierazpen guneak eta erakusketa egin dituzte gazteek, ostiralean emakumeen bazkari interkulturala egin zen Elkargunean eta atzo, elkarretaratzea eta kale antzerkia izan ziren plazan. Larunbateko Korrikaren aldeko lib dubean ere presentzia aipagarria izan zuen berdintasunaren aldarrikapenak. Martxoaren 8a joan arren berdintasunaren erronka egunerokoa dela gogora arazi nahi du Udalak, eta gaurtik aurrera ere parekidetasunaren alde lanean jarraitzeko eskatzen die herritarrei, asteburuko ekitaldian parte hartu dutenei eskerrak ematearekin batera.
Al | Ar | Az | Og | Or | Lr | Ig |
---|---|---|---|---|---|---|
2
|
3
|
4
|
5
|
6
Data :
2021-11-06
| ||