Azkoitiko Udalak, Urola Erdiko Enplegua sustatzeko Planaren baitan, aldi baterako 3 lan-kontratu egingo ditu Urola Erdian bizi diren langabeentzat. Bi peoi eta administrari laguntzaile bat kontratatuko dituzte, urte erdiz.
Kontratazioak 2015 urterako UROLA EKITEN I deituriko proiektuaren baitan egingo dira, EKOBAILARA III eta NagusiADI azpiproiektuak gauzatzeko. Kasu batean zein bestean, kontratuek 6 hilabeteko iraupena izango dute, lanaldi osoz (%100). Informazio guztia LANBIDE Euskal Enplegu-Zerbitzuaren web atarian argitaratuta dago, gaurtik.

Udalak ondoko lanpostuak kontratatuko ditu:

*- Balio anitzeko bi peoi (Ekobailara III proiektua)
*- Administrari laguntzailea (NagusiADI proiektua-Gizarte Zerbitzuak)

ueu-irudia 

Azkoitiko Udalak euskara ikasi edota UEU, EHU-UPV eta HIK HASIren uda ikastaroetan parte hartzen dutenei eskaintzen dizkien diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik da, datorren irailaren 25a bitartean. Eskaerak Udaleko Erregistro Nagusian egin behar dira, kasuan kasuko agiriak aurkeztuta. Deialdiaren oinarriak eta informazio osoa udaletxeko harreran edo lotura honetan duzue eskuragai.

Azkoitiko Udaleko Hirigintza Sailak herritarrei gogorarazi nahi die zaborrak eta obretako hondakinak ezin direla bota edozein tokian, eta guztiz debekatuta dagoela landa eremuan kontrolik gabe uztea. Izan ere, baserri inguruetan hondakinak pilatuta uzteko ohitura txarra duten herritarrak ba omen dira oraindik. Udalak ohartarazi du hala jokatzen dutenen kontrako neurri zentzagarriak hartuko dituela.

Altamirako baratze ekologikoetako bat eskuratzeko bigarren deialdian izena eman zutenek bi hitzordu dituzte datozen egunetarako. Batetik, lursaila esleitzeko zozketa publikoa egingo da datorren ostiralean (uztailak 17), 12:30ean Elkarguneko Oteiza gelan. Bestalde, baratzezaintza ekologikoko ikastaro teorikoa eta praktikoa ere egin beharko dituzte:

Ikastaro teorikoa (elebitan): uztailaren 18an (larunbata), 09:00etatik 11:00etara, Elkarguneko Oteiza gelan.

Ikastaro praktikoa (elebitan): uztailaren 18an (larunbata), 11:00etatik 14:00etara, Baratza parkean.

Udalak bilera batera deitu ditu Santa Klara auzoko bizilagunak bidegorriari buruzko xehetasunak emateko eta horrek eragingo lituzkeen trafiko aldaketak azaltzeko, euren iritzia ezagutu eta mahaigaineratu daitezkeen ekarpen edo iradokizunak jasotzeko asmoz.
Bilera asteazken honetan izango da, hilaren 15ean, Elkarguneako Oteiza aretoan arratsaldeko 19:00etan.
Santa Klara kalea eta Ugarte-Igarako igerilekuak lotuko dituen bidegorria eraikitzeak esan nahi du errepide hori norabide bakarrekoa bihurtuko litzatekeela estuegia delako. Azpeititik datorren trafikoa Santa Kutz parean ezkerrerantz desbideratu eta Azkotiko erdigunera Julio Urkixotik sartuko litzateke.
Udaleko arduradunek duten planteamendua azalduko diete auzokideei guztien artean gaia jorratu eta beste aukerarik egon daitekeen ikusteko.

Bai Euskarari ziurtagiridun dendetako zozketako sari bakarra gelditzen da banatzeko: 1.839 zenbakidun txartelarena. Koxka kafetegian banatu zen aipatu txartela. Saridunak Euskara Zerbitzuekin jarri behar du harremanetan (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. edo 943 85 71 75 telefonoan) uztailaren 17a (ostirala) baino lehen 200 euroko saria eskuratzeko.

Gazteria Saila elkartruke programa garatzekoa da, bihar hasi eta uztailaren 17a bitartera. Iruñeako, Gasteizko eta Azkoitiko  15-17 urteko 17 gaztek hartuko dute parte ekimenean, eta haientzat egitarau zabala prestatu dute. Elkartrukea garatzeko, “Azkoitti gazteen ikuspegittik”  lan ildoa aukeratu dute. Azkoitiko taldeak gonbidatzaile lanak egingo ditu Euskal Herriko beste gazteak hartuz eta herria eta bere historia erakutsiz.

 

Elkartrukean garatuko duten lanari dagokionez, herriari buruzko bideo bat sortu eta muntatuko dute. Bertakoak zer eta nola ikusten dugun eta baita beste herrikoek zer eta nola ikusten gaituzten ere erakutsiko duen bideoa, hain zuzen. Gazteria Sailekoek argitu dutenez, "proiektuak fase ezberdinak izango ditu, hasera orain emango zaio, ikasturtean zehar beste topaketa batzuk garatzekotan gara, eta hurrengo udan azkoitiar gazteei aukera emango diegu beste herrietara joateko".

Hebentik elkarteak pilota, dantza, musika eta hitza uztartzen dituen ikuskizuna ekarriko du, bihar, Oteiza Pilotalekuetara. 22:00etan hasita, 'Pilotarhitza' emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek, doan. Hasteko, Nestor Basterretxeeak eta Fernando Larrukertek 1964. urtean elkarlanean zuzendu zuten Pelotari film laburra ikusteko aukera izango da. Bermeon grabatutako lan honetan Atano III, Atano X, Kortabitarte, Akarregi, Ogeta eta Gallastegi pilotari handiak azaltzen dira.
Ondoren, pilota jokoaren inguruan egindako 'Pilotarhitza' ikuskizunaren txanda etorriko da. Dantzarien eta pilotarien mugimenduen arteko parekotasunetatik abiatutako emanaldi hau Mizel Theret biarriztar koreografoak sortua da. Bertsolaritza da emanaldiaren oinarrietako bat, eta bihar Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra izango da ikuskizuna hitzez jantziko duena.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
3
4
5
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra