Azkoitia Lagunkoiak, Udalak lagunduta, hitzaldia antolatu du, “Bizitza betea” izenburupean. Saioa azaroaren 14an, asteartean, izango da 18:00etan, Elkargunean.
Hitzaldia Helduak Adi! taldeko kide den Elisabete Arrieta Arangurenek zuzenduko du, eta “pertsona nagusientzako bizitza begirada bat” eskaintzea du helburu.
Helduak Adi! irabazi asmorik gabeko adineko pertsonen elkartea da, eta 2010etik dihardu lanean. Elkartearen helburua da pertsona nagusien garapen integralari laguntzea, belaunaldien arteko begiradarekin, eta beste elkarte batzuekin lankidetza sarea sortzea.
Elisabete Arrieta Aranguren Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Soziologian doktorea, azken urteetan zahartze aktiboaren inguruko Udako Ikastaroetako bat zuzendu du.

Euskal Herriko mugimendu feministak azaroaren 30erako greba feminista orokorra deituta badu ere, Udalak San Andres eguneko antolaketa lanekin jarraitzen du.
Udala bera eta San Andres egunean parte hartu ohi duten ikastetxe, eragile, elkarte edota gizabanakoen gehiengoa festa eguna mantentzearen alde agertu da, eta beraz, antolaketa lanak normaltasun osoz doaz aurrera. Ezezkoa bik eman dute. Ez dute parte hartuko, eta beraz, txosnarik ez dute ipiniko ez Ikasberrik eta ezta, Gestorak ere.
Hiru txosna jarriko dira. Azkoitia BHI-k bi postu jarriko ditu, bata DBHkoa, eta bestea, batxilergoarena, eta Floreaga Ikastetxearena izango da hirugarrena.
Beraz, egitarauan ez da aldaketa nabarmenik emango eta urteroko ekintzez gozatzeko aukera izango da.

1948ko abuztuaren 14an atera zen Azkoitian danborrada estrainekoz. Eusebio Berasategi, Azkoitian bizi zen donostiarrak, eta bere hurbilekoek sortu zuten. Aurten 75 urte betetzen dituela eta, Tata Elkarteak , Udalak lagunduta, hainbat ekintza antolatu ditu urteurrena behar den moduan oroitzeko. Elkarteko ordezkari Joxean Mendizabalek eta Festetako zinegotzi Igor Isusquizak eman zuten ospakizun ekitaldien berri atzo arratsaldean egindako prensa agerraldian.
Isusquizak esker oneko hitzak izan zituen antolaketa lanetan ibili diren guztientzat. Aurten 500 lagun inguru aterako direla danborradan azaldu zuen zinegotziak, eta ongi-etorria eman zion talde berriari, Belaño taldeari, hain zuzen.

Tags:

“Loti Ederrak: Filtrorik gabeko ipuinak” antzezlana aurkeztuko du Glu Glu konpainiak larunbatean, azaroaren 11n, 18:00etan Baztartxon.
Galder Perez da ipuin klasikoaren antzerkirako egokitzapenaren egilea. Eszenatokira eramateko ipuinaren alderdi sexistak eta tradizionalistak ezabatu eta ipuin klasikoa gaur eguneko gai gatazkatsuenetako batez jarduteko baliatu du: haur zein nerabeen sare sozialen mendekotasuna edota esklabotza. Inposatu zaizkigun edertasun-estereotipoekin haustea du antzezlanak xede.

Azaroaren 10ean, ostiralean, Intsausti Jauregi aurreko lorategian

Udalak ostiral honetan, azaroaren 10ean, Oroimenaren Eguna ospatuko du. Ana Azkoitia alkatea buru dela, ekitaldia 12:00etan izango da Intsausti Jauregi aurreko lorategian, “Oroimenean” eskulturaren ondoan, hain zuzen. Urtero legez, udal ordezkariek bost minutuko elkarretaratze isila egingo dute, eta jarraian lore eskaintza, herriko biktima guztien oroimenean.
Udalak herritarrei dei egiten die oroimen ekitaldira batzeko.

 

Larunbatean, azaroaren 11n, festa giroa izango da nagusi San Martin auzoan. Usadio zaharrari eutsi nahi dioten herritarrak kanpaia jotzera hurbilduko dira ermitara egunari ukitu berezia emanez. Egitarauari dagokionez, egun bete-betea antolatu du San Martin Mikologi Elkarteak.
Goizeko 10:30ean meza izango da, VIII. San Martin Mendi Lasterketari hasiera eman aurretik. Umeen korrikaldia 10:40an hasiko da, eta 11:00etan, helduena. 7,5 kilometroko proba izango da, eta korrikalariek egunean bertan eman ahalko dute izena.

Tags:

Aizkibel Liburutegiak urteroko eskaintza egin du aurten ere, haurrei zientzia gerturatzeko xedez, modu guztiz ludikoan eta didaktikoan, esperimentazioaren bidez. Zientzia Tailerrek umeen kuriositatea pizten dute eta haurnartzen ikasten dute. Edizio honetako tailerrak azaroaren 15ean eta 16an izango dira, eta aldaketa klimatikoa eta polimero biodegradagarriak landuko dituzte.

Zaintzaile erdaldunei zuzenduta, Azkoitiko Udalak argitaratutako “Esaizu euskaraz!” hiztegitxoa eredu hartu dute Oñatin, eta gurea oinarri hartuta, “Esaiozu euskaraz!” kaleratu du Oñatiko Udalak. Benetan pozgarria. Bietan herri hizkeran idatzi da hiztegia, ahozkotasunari lehentasuna emanez.
Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileen artean, gehiengoa emakume atzerritarra da, euskara ulertzeko eta hitz egiteko gaitasunik ez duena.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
26
27
28
29
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra