Udaltzaingoaren oharrak:

-Azkoitia- Azpeitia maratoi erdia dela eta, larunbata goizeko 8:00etarako Julio Urkixoko (16-40 zenbaki bitartean)  aparkalekuak libre egon behar dute. Lasterketak irauten duen bitartean ez da errepidea moztuko, baina 15:00etatik 18:00etara trafiko geldoa egongo da tarteka. 

-Igandean Elosu bidea itxita egongo da 10:30etik 11:30era Gorla  igoerako txirrindulari lasterketagatik.

Jendetza batu zitzaion herenegun gauean Korrikari Azkoitian. Arratsaldean, ehunka umek hartu zuten parte Korrika txikian, eta iluntzean Azkaratetik iritsi eta Elosutik joan zen bitartean, beste horrenbeste herritarrek egin zioten harrera euskararen aldeko lasterketari, eta asko eta asko izan ziren bertan parte hartu zutenak. Udalak ere bi kilometro eskuratu zituen, eta present izan zen lasterketan; bi kilometro horietako bat Emakumeen Mahaiaren eskura utzi zuen zozketa bidez, eta talde horrek eman zuen lekukoa Lidl ingurutik Txerloiko biribilgunera. Azpeititik bueltan, berriz, eliz ataritik K5 parera arteko kilometroa egin zuen Udal korporazioak, Pello Baztarrika alkatea buru zutela. Lasterketako irudi batzuk hemen ikus ditzakezue.

Martxoaren 21a Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko eguna izan da horren harira, elkarretaratzea egin zuen atzo Aniztasun Kontseiluak herriko plazan. Dozenaka herritar bildu ziren konzentrazioan, eta amaieran aniztasunaren aldeko adierazpen bat irakurri zuten. Udalak ere bat egin zuen elkarretaratzearekin.

 

Ignaziotar lurraldea programaren barruan, Azkoitiko ondarea ezagutzeko bisita gidatua emango du igandean Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko Kronista ofizial eta Baskondagako Gipuzkoako Zuzendariak. Parte hartu nahi dutenek erreserba egin behar dute, Iraurgi Lantzenen (943 85 11 00). Bisita igande eguerdian izango da, eta 2 euro ordaindu beharko da.

 

Udalak egin du zozketa eta Emakumeen mahaiari tokatu zaio Korrikaren lekukoa ematea. Zorionak! Guztira 9 losintxa jaso dira sare sozialetan eta horien artean egin da zozketa. Lidl paretik Txerloira eramango dute lekukoa Emakumeen Mahaikoek, Korrikaren 1.516. kilometroa.

 

Udalak onartu ditu 2013ko aurrekontuak. Iragan osteguneko plenoan onartu zituen. Eta aurrekontu horien nondik norakoak herritarrei aurkeztu nahi dizkie orain. Horretarako, bilera irekia egingo du ostegunean (hilak 21), kultur etxean. 19:00etan izango da bilera. Bertaratu eta parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.

Martxan da Korrika. Atzo abiatu zen Andoaindik, eta gero eta gutxiago gelditzen da Azkoitira iristeko. Asteazkenean (martxoak 20) iritsiko da, 22:00k, inguruan, eta bi aldiz pasatuko da herritik. Azkoitiko Udalak bi kilometro erosi ditu aurtengoan, eta horietako bat herritarren esku utziko du, lehiaketa bidez (hemen informazioa). 1.516. kilometroan emango dute lekukoa lehiaketa irabazten duten herritarrek: Lidl paretik Txerloira bitartekoa. Udal ordezkariek, berriz, 1.536. kilometroa emango dute, Eliz ataritik anbulatoriora bitartean. Egun hori iritsi bitartean, halere, izango da Korrikaz gozatzeko aukera herrian: Korrika kulturala martxan da, eta egitarau horren barruan, egun handia izango da  biharkoa.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
26
27
28
29