Emakumeen eta gizonen arteko desorekaren adierazpen larrienetako bat emakumeen aurkako indarkeria da. Atzo Mungian, beste emakume bat, Andina Pereira, bere bikotekideak erail zuen. Indarkeria matxista gizarte egituraren baitan ezarria dago eta aurre egiteko ezinbestekoa da jendarte osoaren inplikazioa. Horregatik, Azkoitiko Udalak eta Emakumeen Mahaiak herritarrei dei egiten die bihar (asteazkena) 19:00etan Azkoitiko herriko plazan elkarretaratzera joateko gertaera hau gaitzesteko.

Azkoitiko alkate kargua utzi egingo du Pello Bastarrikak, osasun arazoak direla eta. Kargua ostegunean utziko du, ez ohiko plenoan, eta horren ondotik, Urrategi Alberdi, egungo Ogasun eta Aniztasun zinegotzia izendatuko dute alkate, hilaren 27an. Erabakiaren berri emateko agerraldia egin du Bastarrikak, udal gobernuko zinegotzi guztiak eta EH Bilduko ordezkari politikoak alboan dituela, eta bertan alkate izan den 3 urtetan egindako lanaren balantzea egin du, besteak beste. Azkoitiko herriari eskerrak emateko ere baliatu du agerraldia Bastarrikak "Azkoitiko herriaren ordezkaritza nagusia nigan konfiatu eta egunerokotasunean babesa eta animoak eskeini dizkidazuen herritarrei; ez dakit zenbateraino bete izan ditudan nigan jarri zenituzten espektaktibak. Bai esaten dizuet, gure herriaren alde ahalegin guztiak egin ditudala". Hemen duzue Pello Bastarrikak bere agurreko prentsaurrekoan esandakoa, oso-osorik.

 

Legegintzaldien eta alderdien ordezkarien gainetik, sozioekonomia sustatzeko elkarlanean aritzeko akordioa sinatu dute Bilduk, EAJk, Hamaika Batek eta PSEk.Eskualdearen sustapen ekonomikorako politikek eta estrategiek lehentasuna dutela adostu dute tokiko erakunde eta alderdi politikoek, eta udaletako ordezkari politikoen akordioarekin babestu dute erabakia. "Akordio hau arlo politikoan kokatzen dugu, eta bere oinarria da Urola Erdiko sustapen ekonomikoaren inguruko estrategiak garatzea. Gure ustez ezinbestekoa da jarduera ekonomiko berriak sustatzeko oinarriak finkatzea etorkizuna gure bailararentzat ona eta oparoa izateko", adierazi dute akordioa sinatu duten alderdietako kideek.

 

Hezkuntza informazio eta orientazio zerbitzu berria du Azkoitiak: BOZI, Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza zerbitzua. Urola Ikastolaren dago kopatuta zerbitzu hori (lanbide heziketako zentroan), eta adin eta hezkuntza maila guztietako herritarrei zuzenduta dago. Bertan, bailaran dauden ikasketa zentru publiko zein pribatu guztien inguruko informazioa emango zaie joaten direnei, zentru horietan dauden ikasketa eskaintzak, eta beharrezko informazio guztia. Baina hori bakarrik ez, orientazio zerbitzua ere eskainiko du: norbaitek ikasketa batzuk egin nahi baditu, bere formazioa hobetu nahi badu edo bide bat jorratu nahi badu, nondik nora jo azalduko diete, eta beharrezko baliabideen inguruko aholkularitza eman ere bai (bekak, diru-laguntzak...). Udala proiektu honetako kide da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Urola Ikastolarekin batera, "bailararen sozioekonomia hobetzeko eta sendotzeko ezinbesteko erreminta delako".

 

Enok Sudupek, Carmen Osak eta Maria del Carmen Carmonak irabazi dute gehiago biriziklatzeko ideia lehiaketa. Errefusaren edukiontzia "azken aukera naiz", "ni errefusa naiz" edo "ni ez naiz birziklatzen" gisako esaldiekin errotulatzea proposatu du Sudupek; erabilitako ur botila handietan plastikozko poltsak sartu eta hori aislamen gisa erabiltzea Osak; eta hondakinak etxepeka bildu eta gaika gehien sailkatzen duen komunitateari zaborraren tasa jaistea, Carmonak. Atzo jaso zituzten sariak Leire Etxaniz Mankomunitateko lehendakariaren eskutik.

 

Azkoitiko auzo guneak herrigunearekin lotzeko autobus urbano zerbitzua martxan jartzea erabaki du Udalak, eta dagoeneko ibilbidea zehazten ari da, herritarrekin elkarlanean. Hala, urriaren 29an egin zuen aurreneko bilera, eta bertan ibilbide proposamen bat aurkeztu zuen Udalak. Herritarrek ibilbide hura aztertu eta proposamenak egin zituzten orduan, eta ekarpen horiek aintzat hartuta, bigarren proposamen bat osatu du orain Udalak. Eta bigarren ibilbide hori ere herritarrekin kontrastatu nahi du berriro ere. Horregatik, datorren asteartean (martxoak 18), bilera bat egingo du Elkargunean, 18:30ean, bai ibilbide hori aztertu bai prezioak eta bestelako kontuak aztertzeko.

 

Badator Azkoitia-Azpeitia lasterketa. Maratoi erdia eta lasterketa herrikoia (7,5 km), biak jokatuko dira aurten ere, martxoaren 22an, 16:30etan hasita bata, eta ordulaurden lehenago bestea. 21. edizioa da aurten, eta aurrekontuak aurrekontu, eliteko lasterkari onenak eta herrikoiak batzeko ahalegina egin dute antolatzaileek. Eta berrikuntzak ere badira aurtengoan: esate baterako, runloc aplikazioari esker, korrikalarien nondik norakoak zuzenean jarraitzeko aukera izango da aurreneko aldiz, txipari esker. Izena emateko epea zabalik dago jada eta martxoaren 20ra arte egongo da aukera (gauerdira arte), bai kirolprobak.com-en bidez eta baita Plaza Berri Sporten.

 

Martxoaren 8aren bueltan Azkoitiko Udalak eta Emakumeen Mahaiak elkarlanean antolatutako ekitaldietan herritar ugarik hartu dute parte. Emakumeen festa internazionaleak dozenaka andre batu ziren janariaren, musikaren eta dantzaren bueltan; elkarretaratzean ere jende ugari batu zen plazan, eta ipuin kontaketa eta zine emanaldietan ere jendea ibili da. Martxoaren 29an autodefentsa feminista ikastaroa egingo da, berriz, 17 urtetik gorako emakumeentzat, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, bai udaletxean (Berdintasun Sailean) eta baita Elkargunean ere (Gazte Informazio Bulegoan). Tailerra Maitena Monroyk emango du, eta bi saiotan izango da: 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
26
27
28
29