'Gure haurren elikadura; osasunez hazi' hitzaldia emango du hilaren 29an Silvana Huegunek Xabier Munibe haurreskolan. Huegun dietista, nutrizionista eta naturopata da, eta horrez gain biomagnteismo, iridiologia, 'bach loreak' eta kinesologian prestatua dago. Hitzaldiaren helburua haurra hasieratik ohitura osasuntsuetan nola murgildu aztertzea izango da. 18:00etan hasiko da hitzaldia, haurreskolan bertan, eta gaia interesatzen zaion orori zuzenduta dago, beraz, haurreskolako gurasoak ez direnak ere gonbidatuta daude.

Azkoitiko landa eremutako lur-sailetan libre dabiltzan ahuntzek, behorrek, behiek, ardiek, ... jabearen lursailean ibili behar dute, besteen sailetan kalterik ez sortzeko. Ganadu jabearen ardura da bereak ez diren sailetara animali horiek ez joateko neurriak hartzea (lotzea, itxitura egitea, ....). 15 egunetan neurri hauek hartzen ez badira, Udalak ahuntzak hiltzeko batida antolatzeko eskaera luzatuko dio Foru Aldundiari. Aurreko neurriak hartu dira sorturiko kalteak desagertzeko.

Andramaxek hobetzeko partaidetza prozesua martxan du Udalak, eta herritarren proposamenak jasotzeko panel berezi bat jarriko du igandean herriko plazan, txahal eta sagardo dastaketa egunean. Egun horretan proposamen bat egiten duten herritarrek pintxo bat jasoko du ordainetan, musutruk. Gisa guztietako proposamenak jaso nahi ditu udalak, beraz, animatu eta eman zurei iritzia!

Datuek argi erakusten dute Urola Erdiko bailara bereziki jo duela krisiak: Iraurgi Berritzenek oraintxe publikatu berri ditu apirileko datuak, eta langabezia tasa %14,1ekoa da Urola Erdian. Sozioekonomia alorrean udalen eskumenak mugatuak izanagatik, bailarako udalek enplegua sustatzeko ahalik eta baliabide guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu zuten orain urtebete, eta enplegu plan bat ere jarri zuten martxan. Horrez gain, enplegu orientazio zerbitzua eta hezkuntza orientazio zerbitzuak ere zabaldu dira, eta ekintzailetasuna sustatzeko diru-laguntzak ere onartu berri ditu. "Eta ahalegin horren fruitu, orain beste 25 langabetu kontratatuko ditugula jakinaraztera gatoz. Langabezian dauden herritarrak kontratatuko dira, eta enplegu planaren baitan eta Diputazioaren laguntzaz egingo da", hala jakinarazi dute Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak eta Iñaki Portilla Azpeitiko Udaleko sozioekonomia zinegotziak. Lanpostu horietan aritzeko dagoeneko eman daiteke izena, eta horregatik, interesatuei Lanbiderekin edo Azkoitia eta Azpeitiako enplegu orientazio zentroekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie. Jarraian dituzue, kontratazio horien inguruko xehetasun guztiak:

 

Matadeiko eraikinak 100 urte bete dituela eta, herri historia jaso eta liburu bat sortzeko beka bat abiatu zuen Azkoitiko Udalak otsailean. Historioa ofizial eta izen handiena baino, herritarrena bildu eta plazaratzea du helburu beka honek, eta helburu hori egokien islatzen duen proiektua aukeratzen aritu dira epaimahaiko kideak azken bi hilabeteetan. Amagoia Gurrutxaga, Jose Luis Otamendi eta Imanol Mujikak osatu dute, hain justu epaimahai hori, eta dagoeneko aukeratu dute beka jasoko duen proiektua: Olatz Arangurenek aurkeztutakoa. Proiektu horrek hiru ardatz nagusi izango ditu: batetik, Matadeiko eraikinak 100 urtean izan duen bilakaera abiapuntu hartuta, mende honetan hiltegiaren eta herritarren artean egon den harremana jasoko du, harekin harreman zuzena izan dutenen ahotik; bestetik gizaldi honetan Azkoitiak berak bizi izan dituen aldaketa sozio-ekonomikoak aztertuko ditu, eta azkenik, azken hamarkadetan Matadeixek eragile kultural eta asanblario gisa izan duen bilakaera ere jasoko du.

 

Sentsualitatea, sexualitatea, pornografia, fantasiak... gai horiek inolako konplexurik gabe jorratu zituen Juan Karlos Merino idazle eta mintzakideak iragan maiatzaren 9an, Mintzalagun egitasmoaren barruan emandako hitzaldian.'Literatua eta erotismoa' zen hitzaldiaren gaia, eta horren inguruan aritu zen hitzaldira geratu zirenekin.  Merinok literatura erotikoari buruzko bibliografia zabala eskaini zuen eta entzuleengan liburu horiek irakurtzeko jakin-mina pizteko, aipatutako liburu bakoitzari buruzko laburpenak ere egin zituen. Hizlariak onartu zuen Azkoitian gai horiei buruz hitz egitea ez dela erreza, kristatu eskoletatik jasotako hezkuntzak eta gure kulturak berak ere herritar asko eta asko markatu dituelako, baina horretara animatu zituen bertaratutako mintzakide eta bestelako herritarrak. Hitzaldia bukatutakoan, gaia landu eta sakondu nahi izan zutenak afari-merienda bueltan Orbela jatetxean bildu ziren.

 

Gaztien Herrixe moiu ipurdixe partaidetza prozesuak aurrera jarraitzen du. Gazteek euren egoeraren inguruko diagnostikoa egin zuten orain hilabete batzuk eta egoera hori hobetzeko udalari proposamen batzuk egin zizkioten. Proposamen horiek aztertzen aritu dira udal teknikari eta politikoak aste hauetan, proposamen horiek euren eguneroko politiketan nola txertatu hausnartzeko, eta hausnarketa horren ondorioak aurkeztuko dizkiete gazteei osteguneko bileran, alegia, gazteek egindako eskariei nola erantzungo dieten azalduko diete. 19:00etan izango da bilera, Elkargunean.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
26
27
28
29