Azkoitiko Udalak gaitzespen irmoa adierazi nahi du Normandin izandako atentatuaren aurrean. Gogor arbuiatzen du indarkeria terroristaren basakeria eta dolumina eta elkartasuna adierazi nahi dizkie biktimen senitarteko, hurbilekoei eta Frantziako herriari.

Halaber, biharko, uztailak 28, bost minutuko elkarretaratze isila deitu du. Eguerdiko 12:00etan egingo da Udaletxe aurrean.

Azkoitian trikitixak familia zabala du, soinu eta pandero joleak asko dira, baita jarraitzaileak ere. Denek eman die izena eta izana trikitixari. Herriz herri, kalez kale eta plazaz plaza ibilitakoak, dabiltzanak eta ibiliko direnak mordoa dira. Guztien lana txalotu nahi du Udalak eta trikitiak bete duen funtzio soziala oroitzeko, herriko trikitixaren historian aitorpena merezi duen erreferentziazko bikote bati emango dio Andramaixetako txupinazoa botatzeko aukera: Lajari eta Landakandari, alegia.

Lajak eta Landakandak herritarrak dantzan jartzen eman dituzte gau eta egunak. Eta hori ez da meritu makala. Asko dira soinua eta panderoa ondo astindu dituztenak Azkoitian eta Udalak guztiekin partekatu nahi du festei hasiera emateko unea. Trikitilari, pandero-jole, dantzari eta trikitia maite duten guztiekin. Duten ibilbidearengatik, aurten Laja eta Landakanda igoko dira udaletxeko balkoira, baina trikitilari diren eta sentitzen diren guztiek udaletxeko ateak zabalik izango dituzte elkarrekin festei hasiera emateko.

Bihar, uztailaren 27an, egingo den udalbatzan ondorengo gai zerrenda jorratuko da:

1.-Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

2.- Gaztanenea eraikinaren beheko solairuko erabilera lagapenaren onespena hizkuntza eskola zerbitzua emateko.

3.-Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 3 zenbakidun espedientearen onespena.

4.- 2015eko Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzen, S.A.-ren Kontu Orokorrak eta Kontu Kontsolidatuaren onespena.

5.- Azkoitiko Udala eta Kale Nagusia 80 eraikinaren jabekideen arteko hitzarmenaren berri ematea.

6.- Behin betiko onespenen berri ematea.

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

8.- Galde-erreguak.

Azkoitiko Udalak Munichen gertaturiko atentatua gogor gaitzesten du. Alemaniar-irandar batek eragindako tiroketak gutxienez bederatzi hildako eta hogeitaka zauritu utzi ditu. Udalak biktimen familiei, senitartekoei eta Alemaniako herriari bere doluminak eta gertutasuna adierazi nahi dizkie gertaera tragiko honen aurrean.

Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza Agentziaren Turismo sailaren  eskutik, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek Izarraitzeko mendi ibilbideen mapa kaleratu dute eta gaur egin dute eskuorriaren aurkezpena udal ordezkariek. Eguraldiak lagundu ez duen arren, Zorrospen bildu dira Zestoako alkate Josetxo Mendizabal, Azpeitiko alkateorde Estitxu Elduaien eta Turismo zinegotzi Agustin Lizarralde eta Azkoitiko alkate Javier Zubizarreta. Eurekin izan da Iraurgi Berritzeneko turismo arduraduna den Jesus Mujika ere.

Mujikaren hitzetan, ibilbideen maparen helburua da “aisialdi eta turismorako Izarraitzeko eremu naturalak dituen aukerak balorean jarri eta islatzea”. “Turismoan antzeman den eskariari erantzunez egin da proiektu hau. Turismo bulegoan behin eta berriz errepikatu den galdera da “Nola igo ninteke han gora? Ibilbiderik ba dago?”.

Udaleko Hirigintza sailak bi bilera deitu ditu datorren asterako. Lehenengoa Aingeru Kaleko bizilagunei zuzentzen zaie kale horretan egingo den norabide aldaketaren inguruan informazioa emateko. Bilera hau uztailaren 26an, asteartean, arratsaldeko 18:00etan izango da Elkarguneako Oteiza aretoan.
Bigarren deialdia Rikardo Otaño eta Ama Josefa kaleetako auzotarrekin egingo da. Helburua da obren inguruko xehetasun guztiak ematea, lehen Inazio Iriarteko bizilagunekin egin zen moduan. Bigarren deialdi hau uztailaren 28rako da, ostegunerako. Elkarguneko Oteiza aretoan izango da arratsaldeko 18:00etan.

Uda sasoian Azkoitira etortzen diren bisitarientzat edota herritarrentzat bisita gidatuak antolatu ditu Udalak herriko ondarea ezagutzera emateko xedez. Asteburu honetan bertan hasiko dira eta abuztuaren 13ra arte luzatuko da merezi duten hainbat txoko eta gune bisitatzeko aukera.Hitzordu bikoitza antolatu da asteburu honetarako. Uztailaren 23an, larunbat honetan, Alde Zaharra bisitatuko da "Jauregi eta Dorretxe artean" izenburupean eskainiko den ibilbidea eginez. Eguerdiko 12:00etan izango da irteera Parrokia aurretik. Hurrengo egunean, igandean, "Zalduntxoen Azkoitia" bisita egingo da. Intsausti Jauregian izango da 12:00etan.

Aranzadi Zientzia Elkartea Munoaundin indusketa arkeologikoak egiten ari da eta hilaren 30era arte jarraituko du lanean 20 laguneko taldeak Antxoka Martinezen zuzendaritzapean. Gotorlekua hurbiletik ezagutu nahi dutenentzat bisita gidatua egingo da larunbat honetan, uztailaren 23an. Bisita egin nahi dutenentzat hitzordua goizeko 11:00etan da, Kukuerriko Aterpetxearen aparkalekuan. Handik, Munoaundira oinez joango da taldea ordu erdi inguruko ibilbidea baitago. Aztarnategian bisitaldi gidatua eskaino zaie parte hartzen dutenei. Norbaitek ibiltzeko eragozpenik balu, ibilgailu bat jarriko zaio gotorlekura igotzeko. 

Antolatzaileek mendiko botak eramatea gomendatzen dute, arropa egokia eta ura. Ibilbidea erraza da.

Bisita euskaraz eta erdaraz egingo da. 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
26
27
28
29