Larunbat honetan, hilaren 3an, izango da Azkoitiko VIII. Rallysprinta. Aurrekoan bezala, oraingo edizioan Errebueltie- Azkoitiko Motor Kirol Kluba ibili da antolaketa lanetan eta atzo aurkeztu zuten ekimena taldeko Jon Zubiaurrek, Gipuzkoako Automobilismo Federazioaren lehendakari Iñigo Cuestak eta Angel Martin, Udaleko Kirol zinegotziak.

Arduradunen esanetan, 54 parte hartzaile izango ditu rallysprintak eta ikuskizuna bermatua dago, besteak beste, Euskadiko Txapelketaren azken-aurreko proba delako. Partaideen artean, herritarra pilotu bakarra izango da, Iraitz Olariaga. Xabier Lizarralde eramango du ondoan.

Hizkuntza Eskola Ofizialak gaur zabaldu du 2016-17 ikasturterako matrikula epea eta beraz, Azkoitiko gela desplazatuetan izena eman nahi duen orok irailaren 19ko 13:00ak arte du aukera, hori baita matrikulatzeko azken eguna. Kontutan hartu behar da plaza kopurua mugatua dela.

Matrikula online egin behar da ondorengo web orriaren bidez: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-heo/eu/contenidos/informacion/dic6/eu_2046/c6_e.html

Gaztanenean emango dira Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Azkoitiko Udalak elkarlanean martxan jarriko dituzten gela desplazatuak. Ingelesaren hiru maila eskainiko dira: B1.1, B1.2 (PET) eta B2 (FIRST), alegia.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko proiektu esanguratsuenetarikoa da “Bake Ituna” eta Azkoitira Mitra Farahani artistaren eskutik iritsiko da irailaren 10ean. Atzo aurkeztu zuten Farahani margolari eta zinemagilea Azkoitirako egiten ari den lana “Aldiriak” atalaren barruan. Iraniarrak haur soldaduen sakrifizioaren ikonografian oinarrituta bi mural egingo ditu eta Parrokian egongo dira ikusgai urriaren 16ra bitartean. 

Aurkezpenean izan ziren Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berástegui, “Bake Ituna”ren komisario Pedro G. Romero eta Juan Luis Moraza. Udal ordezkari gisa, Azpeitiko eta Azkoitiko kultur zinegotziak izan zituzten bidelagun, Josu Labaka eta Sonia Vázquez, ekimenaren laguntzaile eta koordinatzaileekin batera.

Vázquezek eskertu zien  “itsu itsuan Donostia 2016 proiektua hiriburura mugatu ordez, herrietara zabaltzeko ahalegina”. Elkarbizitzarako kultura zabaltzea da helburua eta bide horretan arteak duen zeresanaren lekuko izango da Azkoitiko herria.

Martxan da 5. Azkoitiko Cricket Txapelketa. Irailaren 3an eta 4an, Oteiza Frontoietan, 17:00etatik 20:30era.

Datorren astelehenean, abuztuaren 29an, egingo da irailaren 25ean egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako mahaikideen zozketa. Arratsaldeko 19:00tan izango den ez ohiko bilkuran egingo da zozketa. 

Andramaixek giro “baketsu, alai eta parte hartzailean” ospatzeko deia luzatu dute Udalak eta kultur eta kirol elkarteek

Laja eta Landakanda eta trikiti munduari omenaldia egingo diote larunbat honetan hasi eta 19ra arte iraungo duten herriko festek.

 

Andramaixetako egitarau osoa eta iritzia emateko aukera izango dute herritar eta bisitariek horretarako prestatutako app-ean.

 

Azkoitiko hamabi kirol eta kultur elkarteek Andramaixek “baketsu, alai eta parte hartzailean” bizitzeko deia luzatu dute gaur goizeko agerraldian. Txakor Txistulari taldeko, Sahatsa dantza taldeko, Azkoitiko Musika Bandako, Xeye kirol elkarteko, Elizako Abesbatzako, Iraurgi Abesbatzako, Jubilatuen Elkarteko, Kultur Elkarteko, Txirrindulari Elkarteko, Anaitasuna Futbol Elkarteko, Paellada prestatzen duen elkarteko eta Gimnasia Kirol Elkarteko ordezkariak bildu dira gaur goizean, abuztuak 9, elkarlanean osatutako egitarau “askotariko eta zabala” eskutan zutela.

Larunbat honetan emango zaie hasiera festei. Abuztuaren 14an VII. Jokin Ormaetxea jubenil mailako txirrindulari lasterketa egingo da, goizeko 10:00etan. Igandean, Laja eta Landakanda igoko dira udaletxeko balkoira eta trikitixa mundua maite duten guztiei irekiko zaizkie udaletxeko ateak.

Astelehenean, besteak beste, erraldoien eta buruhandien kalejira egingo da 11:30etan; baita herriko musika bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua ere, Kontzekupean, 13:00etan, eta lau ordu beranduago, Irribarria, Altuna III eta Merino II., besteak beste, lehiatuko dira Gurea pilotalekuan.

Asteartean, berriz, zezen karretoiaren kalejira egingo da 16:00etan eta gazteentzako jolas dinamikoak egingo dira, 17:00etan.

Gazteentzako ezezik, herriko jubilatuei ere egingo zaie gorazarre. Hala, aurten 90 urte egiten dituzten herritarrak zorionduko dituzte jubilatuen anai-arreben arteko bazkarian.

Ostegunean, ohiko bazkari herrikoia egingo da, herriko plazan eta gauean karaoke festa egingo da. Ostiralean, idi dema probaren unea izango da.

Azkoitiko Udalak eskerrak eman nahi dizkie festen antolaketan parte hartu duten guztiei eta bide batez, bat egiten du lo dauden bizilagunak errespetatzeko deiarekin, eta eraso sexisten aurkako kanpainarekin eta baita alkoholaren gehiegikeriak gaitzesten dituen kanpainarekin

Al Ar Az Og Or Lr Ig
26
27
28
29