Karga emozional eta sinboliko handiarekin. Horrela eman die hasiera Azkoitiak bere Hiri Gutunaren 700. urteurrena ospatzeko ekitaldiei. 1324ko urtarrilaren 4an, Alfontso XI.a erregeak Hiri Gutuna eman zion Azkoitiko herribilduari. Gaur arratsaldean egun hura gogoratu nahi izan da, urtean zehar ospatuko diren ekitaldiak ofizialki inauguratuz.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak bihar zaldiz iritsiko dira Azkoitira goxokiak eta opariak banatzeko. 160 lagun inguruk hartuko dute parte kabalkadan, antortxero, armatu, Musika Bandako kide edota antolakuntzako boluntarioen artean, besteak beste.
Udalak Errege Magoen magiari eta kabalkadaren tradizioari eusten laguntzen duten partaide guztiei bere esker ona adierazi nahi die. Sustatuz elkartea arduratzen da Errege Magoen desfilea eta Aste Santuko prozesioak antolatzeaz, betiere Udalarekin elkarlanean.

Artxamendi Topalekuak urte sasoi honetan antolatu ohi duen Gazte Astearen baitan, patata tortilla lehiaketa egin da gaur goizean Kontzejupean, eta zein baino zein hobeto aritu dira. 17 taldek hartu dute parte, berrogeitaka lagunek, alegia.
Inge Larrañagak, Araitz Blancok eta Jare Azkoitiak irabazi dute aurtengo tortilla lehiaketa. Zorionak!

1324ko urtarrilaren 4an, Alfontso XI.a erregeak Hiri Gutuna eman zion Azkoitiko hiribilduari. Urteurreneko ospakizun ekitaldiak prestatzen ari den batzordea buru-belarri aritu da lanean merezi duen hasiera emateko, eta hilaren 4an inauguratuko da ofizialki Azkoitia 700. Urte osora zabalduko dira ekitaldiak.
Urteurrenaren ospakizun irekierak karga sinbolikoa izango du. San Martin argiztatuko da, eta herriko elizetako eta Parrokiko kanpaien errepika solemneak emango diete hasiera ospakizunei.

Goizeko hamaika t’erdiak inguruan iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Azkoitira. San Martin aldetik jaitsi dira eta Ludotekako haurrekin elkartu ostean, kalez kale ibili da bikotea. Eliz atarian jarria zuten hitzordua haurrekin, eta bertan jaso dituzte Olentzerok eta Mari Dominginek azken gutunak.

Udalak eskertza egin dio herriko merkataritza txikiari, eguerdian udaletxean egindako ekitaldian. Herrixen elkartearekin batera, Udalak aitortza egin die Gabonetako erakusleiho erakusketan parte hartu duten establezimenduei.
Ekitaldian, Ana Azkoitia alkateak herriko merkataritza goraipatu nahi izan du. Badakigu bizi dugun hau ez dela urrezko aroa denda txikientzat, gauzak zaildu egin zaizkizuela. Guk, ordea, herriak eta herritarrok, behar zaituztegu. Behar zaituztegu. Saltokiak baino gehiago zarete. Topalekuak ere badira zuenak, solasaldirako guneak. Kontsolatzeko, eta konfesatzeko, beharbada. Eguraldiaz eta eguneroko komeriez hitz egiteko. Hartu-eman digitalek izango dituzte abantailak, baina aurrez aurreko konpainiak ez du konparaziorik. Zuek hori eta gehiago ematen duzue. Erakusleihoak oparitu dizkiguzue, eta guk, gaur irribarre bat atera nahi dizuegu”.

Tags:

Kirol mundua udaletxean bildu da gaur arratsaldean Urteko Kirolari Onena izendatzeko. Saria Imanol Larrañaga atletak jaso du, Ana Azkoitia alkatearen eskutik.
Alkateak esker oneko hitzak izan ditu klubentzat, kirolarientzat eta kiroletan musutruk lan egiten duten bolondres guztientzat. “Jakin ezazue, -esan die- zuek kantxan, futbol zelaian, frontoian, igerilekuan edota txirrindu gainean zaudetenean, herri hau eraikitzen ari zaretela. Zuen lorpenak eta txaloak ez dira zuenak bakarrik, herriarenak baizik. Hori gauza handia da. Eta zuen penak eta porrotak ere, minez hartzen ditugu. Kirola denona delako, denokin partekatzen duzuelako, eta denok dugulako modu batera edo bestera kirol munduaren parte izateko aukera eta pagotxa. Horregatik gaur eskertza eta aitortza egitea tokatzen zaigu herri hau ordezkatzen dugunoi”.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
2
Data : 2020-11-02
3
4
5
10
11
12
17
18
19
24
25