Hainbat izan dira okerkeriak. Gaztaneneako parke estaliko estalkia zulatuta agertu da eta bertako kautxuzko lurra zatika eginda leku batzuetan. Halaber, beste behin,¡ kaltetua izan da bertan dagoen kulunka, aniztasun funtzionala duten haurrek ere erabil dezaketen kulunka bakarra. Arnes edo uhalak kendu dizkiote. Aurretik, gutxienez beste bitan konpondu behar izan da antzeko gertaeren ondorioz.
Gune berean, parkeko zuhaitz bat inguratzen duen eserlekua ere puskatu egin dute.
Anaitasuna Plazan zuhaitz bat ihartuta dago pozoitu egin dutelako. Zuhaitzak pozoia sartzeko egindako zuloak bistan ditu.
Hori guztia gutxi balitz, bidegorriko barandaren eskubanda kendu dute hainbat tartetan, Juinetik Berrosueta baserrira bitartean.
Udalak gizalegez jokatzeko eskatu du eta guztionak diren espazio publikoak zaintzeko, gainontzeko herritar guztiekiko eta elkarbizitzarekiko errespetuagatik.