Aspalditik ari da Gazteria saila teknologia berrien aldeko apustuari heltzen, aisia eta heziketa uztartuta. Beste behin, programazioa eta robotika lantzeko aukera eskainiko da, eskutik baitoaz biak. Robotikako ikastaroak emango dira LH3-LH6 eta DBH1-DBH4 adin tartekoentzat. Halaber, LH3-LH6 artekoek bideojokoen diseinuaz gozatzeko aukera ere badute.
LH4tik aurrerakoentzat 3D grafismo marrazketan trebatzeko ikastaroak eskainiko dira eta baita marrazketa artistikoa ere LH4-LH6 eta DBH1-DBH4 adin tartekoentzat. Ilustrazio marrazketa ikastaroa ere aukeratu ahalko dute DBH1-DBH4 artekoek.
Eskuekin abilezia duenak eskulanen ikastaroa hauta dezake, edota brikolaje eta artisautza saioak. Eskulanak LH4-DBH2 adin tartekoei eta 16 urtetik gorakoei eskainiko zaie. Brikolajea eta artisautza, berriz, LH4tik gorakoentzat izango da.
3DIKA, irudi eta soinu ikastaroa da zerrendan beste aukeretako bat. Hori ere LH4tik gorakoentzat emango da.
Taldeak adinaren arabera osatuko dira.
Azkenik, 16 eta 18 urte bitartekoentzat “praktika ona kiroletan” goiburupean, cicling, muskulazioa, total trainning eta eskalada ikastaroak eskainiko dira.