Iraurgi Berritzenen eskutik, Javier Zubizarreta presidentea buru dela, lansaioan parte hartu dute Azpeitiko alkate Nagore Alkortak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Iker Goirik, Basquetour-eko zuzendari Daniel Solanak, Loiolako Santutegiko errektore Ignacio Echartek eta Manresako ordezkaritzak, Marc Aloy alkatearekin.
Jardunaldiaren heburua Inaziotar Bidea kudeatzen duten erakundeen arteko harremanak ikuspegi turistikotik indartzea izan da, eta elkarrekin aurrera daramaten lankidetzarekiko konpromisoa berrestea.
Inaziotar Bidearen faktore potentziala are eta indartsuagoa da qurten, Loiolako Inazioren konbertsioaren V. mendeurrena ospatzen delako. Garapen turistikoari dagokionez, Javier Zubizarretak Loiolako Inazioren unibertsaltasuna azpimarratu du, “gizon, erromes eta santu”, gisa. “Naturari -azaldu du Zubizarretak- lotutako esperientzia espiritualak gero eta gehiago bilatzen diren mundu honetan, Donejakue bideak gainezka egiten duenean, Inaziotar Bidea alternatiba erreala da. Bertakoaz haratago, nahikoa erraz nazioartekotu daitekeen proiektua da”.
Inaziotar Bideak natura eta landagunean murgilduta esperientzia espiritual eta eraldatzaile bat bizitzeko aukera eskaintzen duen unetik, turismo eta aisialdiari lotutako egungo gizarte joerekin guztiz bat egiten duela nabarmendu da lan bileran, eta pandemiak are eta gehiago azaleratu edo nabarmendu dituela joera hauek. Aire librean eta naturan norberaren garapen fisiko, emozional eta espirituala lortzeko, bizipen eta esperientziak bilatzera doazela diote gizarte tendentziek.
Inaziotar Bidea monumentu izendaturiko Azkoitiko Alde Zaharretik igarotzen da.