Javier Zubizarreta alkatearentzat “akordioa oso onuragarria da Azkoitiko herriarentzat. “Erakunde publikoak garen heinean, gure ardura da, arrazoi ezberdinengatik, etxebizitza libre batera sarbidea oso konplexua egiten zaien pertsonak babestea. Horregatik, babestutako etxebizitzak eraikitzeko Eusko Jaurlaritzarekin akordioa ixtea pozgarria da niretzat”.
Iñaki Arriola sailburuak azaldu duenez, aipatu “40 etxebizitzak 2026. urte amaierarako bukatuta egongo dira”. Ia sei milioi euroko aurrekontua dute. Hiru bloke izango dira, 16, 12 eta 12 etxebizitzetan banatuta. “Azkoitian – esan du Arriolak – une honetan 427 eskatzaile daude Etxebiden eta horietatik %68k errentamentu-modalitatea eskatu du. Hitzarmenak 40e txebizitza horiek eskuratzeko lehentasuna ematen die herrian erroldatuta dauden pertsonei”. Halaber, esleipen-prozesuan kupoak hartuko dira kontuan gazteei bezalako kolektiboei lehentasuna emateko.
Txalonerreka eta Altamira lotuko dituen errepidea
Udalak lursailak saltzeagatik jasoko duen diru-kopurua Txalonerreka eta Altamira lotuko dituen errepidea eraikitzeko erabiliko du. “Aurrekontu altuko esku-hartzea da eta eragiketa honek, lursailen salmentak esan nahi dut, kostu hori estaltzen lagunduko digu hein handi batean”, azaldu du alkateak.
Aipatu errepidea Kukuerriko bidegurutzearen eta Martirietara joateko dagoen zubi berriaren artean eraikiko da. Herri egituraren integrazioa lortuko da esku-hartzearekin. “Hau – esan du alkateak – albiste ona da Azkoitiko herriarentzat eta Txalonerrekarentzat, etorkizuna duen auzoa delako. Urte gutxiren buruan, sekulako bilakaera emango du eta gero eta presentzia handiagoa hartuko du”.