Ia 800 odol emaile ditu Azkoitiak “eta sekulako ahalegina egiten duen boluntario taldea”.
Alkateak boluntario taldea osatzen duten kideak izen-abizenez aipatu nahi izan ditu eskertza keinu gisa. Luis Arregi Ispisu, Salome Uria, Rikardo Iriondo, Juanjo Ruiz de Azua eta Mikel Arregi. Esker oneko hitzak izan ditu emaile guztientzat eta boluntarioentzat, erakutsitako gizatasunagatik eta eskuzabaltasunagatik. “Gaixo askoren bizitza luzatu edota salbatzen duzue. Azkoitia eredu baldin bada, zuei guztioi esker da”. “Covid-19ak – jarraitu du - zerbait irakatsi digu. Osasuna ez dago salgai. Osasuna ezin da diruarekin erosi. Denbora ere ez. Zuen denbora beste batzuen osasuna da”.
Gaurko ekitaldian 21 gizon eta emakumek jaso dute aitortza odola 25 aldiz emateagatik. Beste bostek, 40 aldiz emateagatik; lauk, 50 alditan eman dutelako; bi izan dira 60 aldiz odola emandakoak, eta beste bina 75 eta 80 alditan eman dutenak.
Luis Arregi Ispisuk txalotu egin nahi izan ditu odol emaileak eta animatu aurrera jarraitzeko. Udalari ere esker ona adierazi dio Elkargunea bezalako toki bat izateagatik odol ateraldietarako.
Plasmaferesia proba gisa
Momentuz seguruenik jarraipenik izango ez duen arren, astelehenean, hilaren 31n, plasmaferesiak egingo dira lehendabiziko aldiz Azkoitian. Plasmaferesiaren bidez plasma eskuratzen da. Odola ateratzen da eta globulo gorriak, zuriak, plaketak eta plasma bereizten dira. Plasma ez beste zelulak, bueltan jasotzen ditu emaileak makinen bidez. Printzipioz, proba bat besterik ez da. Horretarako makinak Donostiatik ekarriko dituzte. Gaur egun, hiriburuetan bakarrik egiten da plasmaferesia.
Egun bertan, odol ateraldi arruntak ere egingo dira arratsaldean 17:00etatik 21:00etara Elkargunean.