2018ko kale neurketaren arabera, gazteen %84,7k erabiltzen du euskara eta %85,7k ezagutzen du. Mutilek badute hika egiteko joera, nesken artean, ordea, galtzen ari da. Berreskuratzea du helburu egitasmoak. Euskara zinegotzi Marijose Arregik azaldu duenez, “ez da hasi eta bukatuko den kanpaina bat. Gure nahia da jarduera ezberdinen bidez egitasmoari jarraipena ematea, egonkortzea, eta bizirik eustea, poliki poliki hitanoaren erabilera indartzen joateko”.
Xabier Eizagirre: “Urrutiko intxaurrak hamalau gerturatu eta lau”
Xabier Eizagirrek hurbiletik jarraitu du azken urteetan hitanoaren egoera. “Urrutiko intxaurrak hamalau gerturatu eta lau”, dio Eizagirren hitanoaz hitz egiten hasitakoan. “Nire ikuspegia ez da baikorra, ez du hainbeste intxaur ikusten”, dio. Bere ustez, nekez entzuten da toka eta nokaren erabilera egokia. Gaur egun, hika mutilekin lotzen da eta nesken artekoa, galbidean dago. “Erdika bilatzen gara. Murriztu eta trakestu egin da hitanoa”. Aipatu du, gainera, mutilek sarritan toka egiten dietela neskei.
Eizagirreren ustez, transmisioak huts egin du. “Hika Azkoitian arnasgunean zebilen eta orain, arnasestuka dabil”.
Eizagirreren antzeko egoera deskribatu du Naia Arrizabalagak. “Harrigarria da 17 urtera iritsi eta ia inork guri hika ez hitz egitea. Lehen etxean konfiantzako jendearen artean hika egiten zen. Orain ez. Ez dauka lehengo indarrik”.
Egoerari buelta ematea proposatu dute. Marijose Arregik mahaikideei lanerako erakutsi duten prestutasuna eskertu die.
Aurrera begira, aurreikusitako jardueren artean daude hitanoaren inguruko ikastaroak eta mahainguruak antolatzea, gida bat osatzea, noka erabiliz bertso saioa egitea, e.a. Halaber, euskal herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzea xede duen Ahotsak proiektuaren baitan, Aintzane Agirrebeñak hainbat eta hainbat elkarrizketa egin ditu Azkoitian. Orain arte, ordea, elkarrizketaturiko gehienak adin nagusikoak ziren eta helburua herriko hizkera jasotzea zen. Orain, beste elkarrizketa batzuk egiten ari da hitanoari buruz. “Hitanoaren egoeraren argazkia egiten saiatuko gara, kasu ezberdinak jasotzen. Emakume batzuk ez dute erabiltzen zeren garai batean baserritarrena zela, itsusia, gizonezkoena… horrelakoak ere esaten ziren”. Agirrebeñaren ustez, “etena oraintxe ari da gertatzen baina arrazoiak lehenagokoak dira”.
Proiektuaren inguruan lehen urratsak iaz eman ziren baina Covid-19ak, lantaldearen egitekoa etenarazi zuen. Orain, berriro heldu zaio.
Logotipo lehiaketa: Azkoittixen hike
Egitasmoari irudia jartzeko, logotipo lehiaketa antolatu da. Irati Lizarraldek eman ditu xehetasunak. Azkoitian erroldatutako 16 urtetik gorako guztiek har dezakete parte eta irabazleak 600 euroko dirusaria eskuratuko du. Ekainaren 1etik 22ra aurkeztu ahalko dira lanak. Irabazlea ekainaren 30ean jakinarazio da.
Besteak beste, epaimahaiak noka jasotzea, originaltasuna, sormetan edota formatu ezberdinetan erabiltzeko egokitasuna baloratuko ditu.
Lehiaketaren oinarriak www.azkoitia.eus atarian kontsulta daitezke eta informazioa nahi izanez gero, euskara@azkoitia.eus-era idatzi daiteke edo 943 85 71 75 telefonora deitu.