Guztira, aurten 218 lagun matrikulatu dira Azkoitiko Hizkuntza Eskolan. Ingelesean dago eskaririk handiena. 102 ikasle joaten dira ingelesa ikastera. Frantsesean 72 gizon eta emakume dabiltza eta alemanean, beste 44. Bailara osotik etortzen dira ikasleak Azkoitira, plazak esleitzeko baldintza bakarra 16 urte beteta izatea baita.
Udaleko Hezkuntza sailetik beti eskatu izan da azterketak Azkoitian egiteko aukera, bestela Eibarrera joan behar delako. Estrainekoz iaz egin ziren azterketak Gaztanenean, batik bat, Covid-19aren aurrean agindutako protokoloa betetzeko erraztasuna ematen zituelako espazioak eta, aurten egoera antzerakoa denez, berriro bertan izango dira azterketak.
2017-2018 ikasturtean zabaldu zituen ateak Hizkuntza Eskolak Azkoitian eta ordutik bai hizkuntza eskaintza, bai ikasle kopurua gorantz joan da. Hain justu, duela bi urte egokitu zen eraikinaren lehenengo solairua eskariari erantzuteko, ordura arte beheko solairu bakarrik erabiltzen baitzen.
Edonola ere, aurten eskolak presentzialki eta digitalki eman dira Covid-19a dela-eta.