“Visesa Sozietate Publikoak ateratako lizitazioa hutsik geratu eta Udalarekin zuen hitzarmena bertan behera laga zuenetik, ez gara gelditu. Bilerak izan ditugu enpresekin eta higiezinen agentziekin inbertsio pribaturako ahalmena eta egungo higiezin-merkatuaren egoera ezagutzeko, eta erabakia hartuta dago. Erakinaren salmenta lizitaziora aterako dugu. Ez dago Idiakez-Etxearena bezain proiektu konplexurik eta espero dut trabaz betetako bide luzearen ondoren, behin betiko soluzioa izatea. Bi merkatu azterketa egin ditugu eta aztertutako proposamen guztien artean, hauxe da Idiakez-Ederrari destinoa eman ahal dion bakarra”.
Iazko martxoan Visesa obrak lizitaziora ateratzeraino iritsi zen. Alabaina, eraikinaren singulartasunak, kultur ondare monumentu izendapenarekin, esku-hartze ia kirurgikoa eskatzen du eta ondorioz, kostua babestutako etxebizitzak mugitzen diren parametroetatik urrundu egiten da. Visesak hitzarmena bertan behera utzi zuenean, hutsetik hasi behar izan zen. “Ia – dio Javier Zubizarreta alkateak - amaierara iritsita geunden. Tunel amaierako argia ikusten genuen, baina ezinezkoa izan zen. Ez dugu itxaropena galtzen. Orain, behin benetako bideragarritasuna neurtzeko aurrrelan arretatsua eginda, berriro helduko diogu proiektuari”.
Proiektuaren kostu altua mahai gainean egon da beti eta horixe izan da aurrera egiteko traba nagusia. Eragozpen hori gainditu eta proiektua berraktibatzeko xedez aterako da etxearen salmenta lizitaziora, herritarrek oihuka eskatzen baitute irtenbide bat. Horrela, Idiakez-Ederrari bizitza ematea espero da, “bestela, gurpila ez da-eta mugituko”.
Eragiketa ahalbidetzeko, lizitazioan 500.000 euro inguruko udal dirulaguntzaren bermea jasoko da eta esleipendunak udalaz gaindiko erakundeetatik, hala nola, Eusko Jaurlaritzako edo Foru Aldundiko Ondare zuzendaritzetatik jasoko dituen dirulaguntzetatik kenduko da. “Errazagoa zatekeen eraikina bota eta berria egitea, baina erakundeon betebeharra da ahalegin bat egitea ondare historikoa babesteko”. Esleipendunak 2022an eta 2023an dirulaguntza eskaerak aurkeztu beharko ditu dagokion erakundeetan eta prozesu hori guztia Udalaren gainbegirapean egingo da.
Baldintzetan jasoko den beste puntu bat eraikinaren beheko solairuari dagokiona da. Beheko solairua Udalaren esku geratuko da. Horrela, hasieratik pentsatuta bezala, bertara Jubilatuen Elkartearen egoitza lekualdatuko da.
Alkatearen aburuz, ez dago beste aukerarik. “Gainontzeko alderdiek ere ez dute alternatibarik aurkeztu. Gauzak bat da zer nahiko genukeen esatea eta bestea, benetan egin daitekeena”.
Momentu honetan, kontratazioko teknikariak hasita daude lizitaziorako oinarriak lantzen. “Lehenengo lizitaziora atera behar da eta denbora emango du, gero salmenta esleitu, proiektu bat garatu, lizentziak eman eta azkenean, obrak hasiko dira. Azkarren mugituta ere, eta baikorrak izanda, 2022 amaieran hasi ahalko lirateke obrak”, dio Javier Zubizarreta alkateak.