Hamabost lagunek hartu dute parte eta paseoak iraun duen denbora guztiak Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleak izan dira begiraleak, Mendekotasun egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko zikloko lehenengo mailako ikasleak, hain zuzen.
Hitzordura batu dira, halaber, Azkoitia Lagunkoia taldeko kideak, Kirol Orientazio Zerbitzuko orientatzailea eta Janire Igoa eta Mertxe Zubillaga zinegotziak ere.
Egitasmoaren helburua adineko pertsonen artean ohitura osasungarriak sustatzea da eta horrekin batera, sozializazioan laguntzea. Gaurko saioa oso giro onean joan da. Berriketan, ibilian, tarte atseginaz gozatu dute partaideek.
Datozen ibilaldiak maiatzaren 6an eta 27an izango dira.
Proiektua garatzeko Udalak bidelagun ditu Izarraitz Lanbide Heziketa zentroa, Azkoitia Lagunkoia eta Plaza Ondo Jubilatuen Elkartea. Planteamendua da indarrak batzen jarraitzea eta sarea zabaltzen joatea boluntariotzako beste elkarte batzuekin.
Irteera egunetan topagunea Aizkibel Liburutegian izango da, goizeko 10:00etan. Parte-hartzea doakoa da.
Partaideek bi ibilbideren artean aukeratu beharko dute iraupenaren eta zailtasunaren arabera.
Interesa duten pertsonek izena eman dezakete Plaza Ondo Jubilatuen Elkartean edota udaletxean, Herritarren Arreta Bulegoan, bertara joanda edo 943 08 00 80 telefonora deituta. Iragarritako irteerak ostegunetan direnez, izena emateko azken eguna aurreko astelehena izango da kasu guztietan.