Egun hauetan Udalaren kudeaketa oso kritikatua izan da pandemia garaian zuzenak ez diren egoerak gertatzen “uzteagatik”. Ildo horretan, alkateak argi hitz egin du: “Udaltzaingoak nire konfiantza osoa du. Ez da bidezkoa bere lana neurtzea sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan bideoengatik, bidezkoa ez den bezala Udaltzaingoari eskatzea maila indibidualean eta familiarrean lortzen ez dena bideratzea. Duela bi hilabete eskas, izandako istiluan poliziaren esku-hartzea oso kritikatua izan zen. Oreka bilatzen saiatzen gara eta ez da beti sostengarria, baina Udal gisa erantzukizunez eta zentzuz jokatzen saiatzen gara eta berdina eskatzen diegu herritarrei”.
Alkateak, azaldu duenez, etengabeko harremana du Osakidetzako eta Osasun Publikoko saileko arduradunekin, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin. Birusaren intzidentziaren igoera ikusita, inplikatutako alde guztiekin bildu da gertaerak egiaztatzeko eta egoera berbideratzen saiatzeko.
“Ez dut justifikaezina dena justifikatuko, baina ezarritako isunek, ordea, erakusten dute ez dutela denek araudia ondo betetzen”. Zentzu horretan, alkatea lanean ari da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritzak isunen tramitazioa azkartu dezan”.
Pandemia hasi zenetik erantzukizun indibiduala eta kolektiboa izan dira giltzarri. “Gehiengoa oso ondo ari da egiten, baina bada gutxiengo bat tranpa eta burla egiten ari direnak, egin beharrekoa egiten ari diren guztiei”. “Guztion osasunarekin jokatzen ari gara”.
Azkenik, alkateak azaldu du arriskuak minimizatzeko, modurik onena arauak betetzea dela. “Errua ondokoari leporatzeko joera dugu baina gutako bakoitzak erabakitzen du non, nola eta norekin egon”.