Biek oso azkoitiarrak diren elementu edo sinboloak azpimarratu nahi izan dituzte. “Bi muralak Azkoitiko historiari lotuak daude, zeren herriko jendearentzat nahi ditugu egin”, dio Udane Juaristik. Obra biak dimentsio handikoak dira, horma bat lau solairukoa da eta bestea, bostekoa. Juaristi eta Larrañaga garabira igo eta jaitsi ibiliko dira, beraz. “Lan oso fisikoa da, zeren zu margotzen ari zarenean aurrean kolore orban bat besterik ez duzu ikusten. Etengabe jaitsi eta nola ari den geratzen ikusi behar duzu”.
“Erreportzaketan” bezala ezagutzen zen abarketak josteko ofizioa eta horixe da Juaristik bere muralarentzat aukeratu duen izenburua, ez izena eta ez lanbidea ahaztu ez daitezen. Emakume abarketariak omentzen ditu irudiak, baina egungo emakumeei ere keinu bat egin nahi izan die margolariak. “Abarketagintza hartuta abiapuntutzat, garai ezberdinetako bi emakume irudikatuko ditut. Bata abarketaria eta bestea, gaur egungoa izan daitekeen neska bat, zeren ez dut bakarrik iraganera begiratu nahi izan, baita etorkizunera ere. Melankolia puntu bat ikusten diot. Nondik gatozen eta nora goazen azaldu nahi dut”. Behin bukatuta, Udane Juaristik margotutako muralik handienetarikoa izango da Altzibarkoa. Larrañagarentzat, berriz, horrelako dimentsioetako mural bati heltzen dion lehen aldia da.
Gorka Larrañagak bere obra lan ilustratiboa dela azaldu du, narrazio historiko bat islatzen duen irudia, “oso azkoitiarrak diren kode edo sinboloak” erabiliz. Elementu guztiak bihotzaren figurak biltzen ditu, “sekula geratzen ez den muskulu horrek”. Bihotzaren irudia, Larrañagaren obraren ikur edo marka bihurtu da, ikonografia konstantea. “Figura alegoriko horren baitan, elementu zentrala San Martin da, lehen kokalekua. Beste elementuen artean, hor daude, Intsausti Jauregia edota azken abarketaria izan zena. Garrantzitsua da zeren “aberketagintzari esker, familia askok jan ahal izan zuten garai gogorretan”. Kontzejupea ere sartu du. “Arroitajauregiren bildumako argazki bat oinarri hartuta, pilotan jolasten ari den neska baten irudia gehitu dut” berdintasunaren aldarrikapen gisa. Zuhaitz batek, pagoak, eta sakelak osatutko dituzte muralaren elementuak, azken figura “azkoitiarron ezizenagatik”.Larrañagak ere zer garen erakutsi nahi izan du, “baina etorkizunaren proiekzioa alde batera utzi gabe. Bihotzak taupadaka jarraitzen du”.
Ilusioz heldu diote bi artistek lanari.