Bigarren eta hirugarren sarituentzat ez da esperientzia berria Bizenta Mogelen irabazleen artean egotea. Marta Alberdi Urteagak etxeratu du bigarren saria “Isiltasunaren oroimena” lanarengatik. Iaz ere bigarren saria berarentzat izan zen. Oraingo pandemia eta duela 100 urteko egoera hartu ditu ipuina osatzeko, baina gaixotasunean baino sentimenduetan jarri ditu begiak eta hitzak.
Hirugarren saria aurten Juan Ramon Alberdi Ibarmiak lortu du “Gurpil kontua” ipuinarekin. Azken hau hainbat ediziotan sailkatu da lehen hiru irabazleen artean. Oraingoan desgaitasunaren inguruko ipuina idatzi du. “Duela bizpahiru urte ezagun batek galdetu zidan ea inoiz desgaitasunaren inguruan idatzi nuen. Abuztuan gaiari heltzea pentsatu nuen eta nola edo ahala lortu nuen, eta gustura geratu nintzen idatzitakoarekin. Sari honek berresten du txukun samar idatzi izango nuela".
Aurten ezin izan da ekitaldi irekia egin Covid-19aren harira, indarrean dauden segurtasun arauak bete ahal izateko, baina literatur giro atsegina sortu da. Saridunak eta haien gertukoak bildu dira, udal ordezkari gutxi batzuekin.
Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Udalak elkarrekin antolatzen duten lehiaketa honetara 34 lan aurkeztu dira edizio honetan. “Ozen aldarrika dezakegu euskara oparoan ehundutako ipuin sorta zinez intereresgarriak aurkitu ditugula”, esan du epaimahaiak.
Javier Zubizarreta alkateak ireki du ekitaldia, irabazleak eta partaideak zoriontzeko. “Ez dakit -esan du - belaunaldi berriek ipuin edo istorio on bat irakurtzearen plazerrik deskubritu duten, eskolan irakurtzera derrigortutako liburu horiez kanpo. Bizenta Mogel lehiaketa, horri buelta emateko lagungarri izatea gustatuko litzaidake. Ipuin laburrak, euskaraz idatziak eta irakurleari barruraino sartuko zaizkion istorio mamitsuak. Irakurketa patxarosoa oraindik deskubritu ez dutenak edo letretatik ihes ibili direnak literaturara, euskararazko literaturara, erakartzeko amu izatea nahiko nuke”.
Pixkanaka Udala Bizenta Mogel Lehiaketak urte guzti hauetan eman dituen ipuin sarituak argitaratzen ari da. Aurten 2015etik 2018ra arteko edizioetan saritutako lanen alea atera berri da labetik. Liburua eskuratu nahi duen edonork Aizkibel Liburutegian jaso dezake.
IPUINAK:
"MARINELA". Ainara Uranga
"ISILTASUNAREN OROIMENA". Marta Alberdi
"GURPIL KONTUAK". Juan Ramon Alberdi