Atal berriak batetik, Nicolas Oteiza azpeitiarrak 1986tik 2007ra bitartean grabatu eta Kaito Telebistak botatako bideoak jasotzen ditu. 1.897 bideo dira zehazki. Bestetik, Daniel eta Josu Arroitajauregik 1950etik 1975era ateratako argazkiak argitaratu dira. Oraingoz, 1950etik 1968ra bitartean ateratako ezkontzetako argazkiak aurki daitezke eta atala osatzen joango da beste erreportaje batzuekin.
Atal berri hau osatu ahal izateko Udalak hitzarmena sinatu zuen Urtzi Oteiza, Kaitoren semearekin, bideoak digitalizatu eta Udalaren esku gera zitezen. Arroitajauregitarren kasuan, Udalak 1997an erosi zuen negatibo bilduma eta ordutik udal artxiboko funtsaren parte da.
Garai bateko Azkoitia atalak bilaketa sistema du. Horrela, erabiltzaileak nahi duen bideoa bilatu dezake terminoen, gaien edo urtearen arabera.