Edonola ere, exekuzio epeak ez dira berehalakoak, argiteriaren berritzeak denbora eramango du. “Ezinezkoa da egun batetik bestera argiak aldatzen hastea, besteak beste, horrelako proiektu batek eskatzen duen lizitazio proiektua abian jartzeak eta garatzeak administrazio lan handia eskatzen duelako eta hori guztia egin egin behar da kalean argiak jartzen hasi aurretik. Dirulaguntza eskatzeko egindako ibilbidea lantsua izan bada, datorren fasea ere hala izango dela uste dut baina abiapuntu ona dugu. Lanean jarraituko dugu”.
Udalak dirulaguntza eskaera bideratzeari ekin zion argiteria berritzeko. Asmoa da herrian dauden 3.280 argi-puntuetatik 1.963 aldatzea, egungo luminariak LED argiengatik ordezkatuz. Europatik jasoko den dirulaguntza ezinbestekoa da proiektuak aurrera egiteko. Edonola ere, inbertsio osoa 975.038,36 eurokoa da, onartutako dirulaguntzaren kopuru bikoitza, hain zuzen. Eskatutako laguntzaren %100 jasoko du Udalak 616/2017 Errege Dekretuaren arabera. Gastu osoaren %50eko finantzaketa ahalbidetzen du Eskualde Garapenerako Europako Funtsak araudiaren arabera.
Aipatu Errege Dekretuak karbono-isurketa gutxiko ekonomiara pasatzea ahalbidetzen duten toki-entitateen proiektuen gaineko dirulaguntzak arautzen ditu.
%82,49ko aurrezte energetikoa aurreikusten da
Herrian LED argiteria ezartzeak inbertsio altua eskatzen duen arren, balorazioa egiterakoan aintzat hartu behar da ekarriko duen aurrezte energetikoa. Azterketen arabera, potentzia 312,72kW-tik 78 kW-ra jaitsiko da, %82,49ko aurrezte energetikoa lortuz.
Koadro elektrikoak berritzetik LED argietara
Argiteria publikoaren hobekuntza etengabeko lana izan da aurreko legealdian hasita. Orduan Udalak herriko koadro elektriko guztiak berritu zituen segurtasuna bermatzeko, diferentzialaren akatsak konpontzeko, elektrizitate ihesak saihesteko eta LED argiak jartzen hasten direnerako dena prest izateko. Udalerriko 47 kaxa-elektriko berritu ziren, hondatuta zeudenez arriskua zutelako. Orain jasangarritasunaren aldeko apustua egiteko ordua da, LED argiak ipiniz.