Ana Azkoitia Ogasun zinegotziaren hitzetan, onartutako aurrekontua da errealista, arrazoizkoa eta Covid 19ak eragindako egoerari aurre egiteko beharrezkoa. “Eszenatoki berri honetara egokitu behar izan dugu, duela urtebete pentsaezina zena. Diru sarrerak murrizten direnean proiektu handiei jarraipena ematea erronka bat da. Horregatik, zenbait neurri hartu ditugu, besteak beste, zorpetzea. Eta zuhurtzia finantzarioa irizpidetzat hartuz egin dugu. Arazorik gabe amortizatu dezakegu zorra gauden egoeran eta horixe da modu bakarra Floreagako irisgarritasun proiektua edo igerilekuen handitzea aurrera eramateko. Baliabide ekonomikorik ezean, ez dago proiekturik”. Ana Azkoitiaren ustez, herritarrengandik jasotako eskaerak eta hartutako konpromisoak betetzeko oinarriak jarri dira.
Udalak 2.527.757,31 euroko gerakina du eta horri gehitu behar zaio 2020an eskatutako 1.800.000 euroko mailegua. Horrek aipatu proiektuetan aurrerapausoak ematea ahalbidetuko du. 2021ean, 1.242.140 euroko bigarren mailegu bat eskatuko da, aurrekontuetan txertatua dagoena.
Irisgarritasuna, baserrietara Internet, LED argiteria eta parkeak
Aldi berean, aurrekontuen seigarren kapituluan 975.100,00 euro aurreikusten dira inbertsioetarako. Besteak beste, azterlanak egingo dira San Martin auzoko, San Jose Egoitzako eta hilerriko irisgarritasuna nola hobetu daitekeen ikusteko eta Internet sarea zabalduko da landa eremuetara. Azken esku-hartze hau garatzeko 100.000 euroko ipini dira. Diru kopuru bera ezarri da argiteria publikoan LED argiak jartzen joateko. Halaber, 250.000 euro bideratuko dira espaloiak berritzera eta bideak asfaltatzera eta horretaz gain, skate, parkour edo kalistenia bezalako diziplinak praktikatzeko aurreikusitako parkea berreskuratu da eta nobedade gisa, parke bio-osasungarria gehitu da aurrekontuetan.
Alderdien artean, akordio zabala
Ogasun zinegotziak azaldu du adostasun zabala lortu dutela alderdien artean. “Alderdi guztion ekarpenak txertatzen saiatu gara, bai gobernu kide dugun PSE-EEren kasuan eta baita EH Bilduren eta Azkoitia Bairen kasuan ere. Abiapuntu gisa, alderdi sozialistarekin landu genuen lehen proposamena bere ekarpenak sartuz, besteak beste, hilerriko irisgarritasuna hobetzea, gizarte laguntzak berrikustea edo parke bio-osasungarria eraikitzea. Ondoren, beste alderdiekin izandako bilerek bere emaitza eman dute. EH Bilduk egindako ekarpenen artean, ia proposamen guztiak arrazoizkoak iruditu zaizkigu eta txertatu egin ditugu, diru-partidak egokituta. Ingurumen lanetarako partida altxatu dugu eta landa eremuetan taxi zerbitzua eskaintzea adostu. Memoria historikoa lantzea ere onartu dugu eta baita ostalaritzari zuzendutako dirulaguntza bat ezartzea ere”.
Gizarte Zerbitzuen sailak ematen dituen dirulaguntzen inguruko azterketa sakon bat egitea edota kultur elkarte eta eragileen artean parte-hartze prozesu bat garatzea Azkoitia Bai alderdiak egindako ekarpenak dira, adostuak eta onartuak.
“Lanketa bat egin dugu alderdi politiko bakoitzak ikus eta senti dezan bere ukitua badutela 2021eko aurrekontuek eta guztion artean atera behar ditugula proiektu hauek aurrera herritarren onerako. Eskerrak eman nahi dizkiet ordezkari politiko guztiei akordiorako erakutsitako prestutasunagatik”, gaineratu du Ana Azkoitiak.
Zubiaurre Elkarguneko eta San Jose Egoitzako aurrekontuak aho batez onartu dira. Azkoitia Lantzenen aurrekontua, berriz, EAJ/PNV eta PSE/EE alderdiek onartu dute, EH Bildu abstenitu egin da eta Azkoitia Baik kontra bozkatu du.
2020 |
2021 |
|
Aurrekontu kontsolidatua |
17.051.551 € |
17.171.284 € |
Udala |
15.110.000 € |
15.245.000 € |
Zubiaurre Elkargunea |
744.600 € |
896.000 € |
San Jose Egoitza |
68.300 € |
68.300 € |
Azkoitia Lantzen |
1.870.051 € |
1.862.284 € |
Arlozka |
2020 |
2021 |
Ogasuna eta pertsonala |
5.963,852,79 € |
6.255.531,14 € |
Hirigintza |
|
541.100 € |
Kirola eta Festak |
1.010.500 € |
1.179.900 € |
Kultura eta Gazteria |
1.122.300 € |
1.130.150 € |
Hezkuntza eta Euskara |
367.255 € |
342.255 € |
Gizarte Ongizatea, Berdintasuna, Inmigrazioa |
1.214.125 € |
1.254.455 € |
Alkatetza |
113.000 € |
123.000 € |
Lan eta zerbitzuak |
2.273.300 € |
2.270.300 € |
Udaltzaingoa |
44.000 € |
45.500 € |
Ingurumena |
1.817.898,91 € |
1.689.302 € |
Sustapen Ekonomikoa |
375.768,30 € |
413.506,86 € |