“Foru Aldundiaren proiektu estrategikoetako bat GI-631 errepidea Azkoitia eta Urretxu artean berritzea eta hobetzea da", esan du ahaldun nagusiak, eta esku hartze hori Urola bailarako biztanleen "aldarrikapen historikoa" dela gaineratu du. "13 kilometro horiek oso garrantzitsuak dira ibilbide hori erabiltzen duten milaka gidarientzat, bai Zumarragako erreferentziazko ospitalera joateko, bai hortik Gipuzkoako ahalmen handiko biribilgunera konektatzeko. Lan horiei esker, erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna hobetuko da ", azaldu du ahaldun nagusiak.
Era berean, Olanok azaldu duenez, obra hori aktibatzeak lurralde-orekaren aldeko apustu garbia dakar berekin, eta, beraz, barnealdeko bi eskualdetan, Urola Erdian bereziki, konexioak hobetuko dira, baita inguruko industriaren lehiakortasuna ere. "Errepide-sare erosoa, modernoa eta segurua izatea funtsezkoa da gure industriarentzat eta egunero mugitzen diren langile guztientzat", azaldu du.
Proiektuak 45,5 milioi euroko aurrekontua du, eta hainbat fasetan egingo da, bai arrazoi ekonomikoengatik, bai bidea irekita edukitzeagatik. "Orain lizitatzen den zatia T2 da, Azkoitia-Urretxu ibilbidean eta Aizpurutxoko zeharbidean zentratuta dagoelako", zehaztu du Olanok. "Obra hau erronka handia izango da, lanak errepidea irekita mantenduz egin behar direlako eta trafiko handiko bidea delako; 3.300 ibilgailuk baino gehiagok egunero erabiltzen dute errepide hori eta % 10etik gora ibilgailu astunak dira", azaldu du Aintzane Oiarbidek. Lehen zati hori 2021eko udan hasiko da, 9,3 milioi euroko aurrekontua du eta 14,5 hilabeteko gauzatze epea.
Errepideak aurreratzeko hiru errei izango ditu bi noranzkoetan. Tarte horietan, erradioak eta bihurguneen ikuspena handituko dira. Horrez gain, zortzi bihurgune hobetzea eta Urretxuko sarreran laugarren zati bat egitea planteatzen da. Azken zati horretan, trazadura hobetuko da, baina ez da aurreratzeko erreirik sartuko. "Jarduera hauekin ez da abiadura handitu nahi ibilbidean zehar, baizik eta aurreratze segurua ahalbidetzen duten 3 gune egokitu", adierazi du foru diputatuak.