Oso helburu zabala da: “Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea, eta biodibertsitatearen galera gelditzea”. Aurtengoan, zehazki, BASOEN inguruan arituko gara.
Programa hau Azkoitiko udalak bultzatzen du eta Artelatzek Ingurumen Zerbitzuak S.L.k garatzen du herriko ikastetxeekin batera. Partaideak, Floreaga ikastetxea, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa eta Izarraitz Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua dira. Guztira, adin desberdinetako 1.400 ikasle inguru gaian murgilduta.
Ikasturtean zehar, ikaslegoarekin batera, hausnartzeko aukera paregabea dugu. Burutuko diren ekintzen berri izango duzue. Dagoeneko martxan gaude, ikastetxeetako partaide guztiak, ikasle, irakasle zein guraso, aldaketaz informatuz eta motibazio fasean sartuta. Hemendik aurrera ikastetxearen eta herriaren diagnostikoa egitea egokituko da, beti ere aurtengo helburua kontuan izanik. Zer da baso bat? Zerk osatzen dute basoa? Landaketa eta basoa, gauza bera al dira? Nolakoa da gure ikastetxearen ingurua? Eta herria? Zenbat berdegune eta baso daude herri eremuan? Zein kontserbazio mailetan? Eta bere kudeaketa?... Galdera ugari ikastetxeko eta herriko “argazkia” egiteko.
Basoak naturaz gozatzeko ingurune apartak dira. Orain, inoiz baino gehiago. Animatzen zaituztegu zuek ere jasangarritasunaren trenera igotzera. INOR ATZEAN UTZI GABE!