Tailerren helburua da, elkartearen arabera, “langile gisa dituzten eskubideak ezagutaraztea eta aliantzak indartzea etxeko eta zaintza lanetan dabiltzan emakumeen lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta eskatzeko”. Halaber, ekimenaren asmoa da asoziazionismoa sustatzea emakumeen kontrako indarkeriaren prebentziorako tresna gisa.
Malen Etxea Elkartearen esanetan, etxeko eta zaintzako lanak egiten dituzten emakumeen %90 etorkinak dira. “Etxe barneko erregimenaren eraginpean daude eta XVIII, mendeko neskametza eta esklabotzarekin bakarrik alderatu daiteke hori”. Elkarteak urteak daramatza emakume migranteen berdintasunaren eta giza eskubideen alde lanean, baina geroz eta gehiago dira hurbiltzen zaizkien bertako emakumeak, nagusiki, Covid-19aren krisiaren ondorioz.
“Malen Etxea Zaintzaren Esklabo” dokumentalaren aurkezpena
Tailerrez gain, azaroaren 26an, 18:30an Kultur Etxean “Malen Etxea Zaintzaren Esklabo” dokumentala botako da. Maitane Subijana da zuzendaria eta proiekzioaren ostean, sentsibilizazio solasaldia eskainiko du.
Genero indarkeriaren aurkako eskumuturrekoak banatuko dira ikastetxeetan
Udaleko Berdintasun sailak genero indarkeriaren aurkako eskumuturrekoak banatuko ditu herriko ikastetxeetan sentsibilizazioa indartze aldera. 1.600 eskumuturreko banatuko dira LH6 eta DBH4 arteko ikasleen artean. Parte hartuko dute Floreaga Ikastetxeak, Xabier Munibe Ikastolak, Azkoitia BHI-k, Bizilore Eskola Aktiboak eta Izarraitz Lanbide Heziketak.