“Heriotzak, lehenago edo geroago guztiok hilko garela pentsatzeak kezka, sufrimendua dakar. Horretaz hitz egiteak lagundu dezake gaia soseguz hartu ahal izateko. Horregatik, ideia polita iruditu zitzaigun jendeari bere hausnarketak partekatzeko aukera ematea”, dio Ongizate zinegotzi Janire Igoak.
Igande honetan, nahi dutenek euren ekarpena egin ahalko dute Berdura Plazan 10:00etatik 14:00etara bitartean. Muralak hilaren 7ra arte egongo dira jarrita eta herritarrek egun osoan zehar idazteko aukera izango dute, Berdura Plaza itxi arte, gaueko 21:00etan.
Muralen ideia “Heriotzari Bizia Ematen” jaialditik hartu da. Heriotzaren prozesua eta dolua lantzen dituzten hainbat taldek antolatu dute jaialdia gaia arakatzeko, bisibilizatzeko eta normalizatzeko xedez.