Izena ematearen helburuetako bat da gero txapa bereizgarria jaso ahal izatea, azaroan egingo baita txapa banaketa.
Euskaraldian euskara ulertzen duten eta 16 urtetik gorakoak diren herritarrek eman dezakete izena. Ariguneetan ariketa egitea erabaki duten herritarrek ere eman beharko dute izena ahobizi edo belarriprest gisa. Entitateek eta entitateetako kideek eman behar dute izena.
Nola eta non eman daiteke izena?
Azpimarratzekoa da izena emateko garaian rolen funtzioa kontutan hartzea. Izan ere, herritarrek ariketa egiteko moduaren arabera aukeratu beharko du rola, ez gaitasunaren arabera.
Izena eman daiteke:
Online
www.euskaraldia.eus atarian izena emateko formularioa dago. Halaber, Azkoitian zabaldu diren karteletan ere Qr kodea erabil daiteke izena emateko.
Eskuorrien bidez
Udaletxeko eta Elkarguneko sarreretan jarriko dira eskuorriak eta kutxak. Eskuorria bete eta ondoren kutxan sartu beharko da.
Ezinbestekoa da izena ematen duten herritarrek lege-oharra onartzea.
Bestetik, txapa Azkoitian jaso nahi duenak formularioan udalerri atalean “Azkoitia” idatzi beharko du.
Aurreko edizioan bezala, Udalak eta Euskara Mahaiak indarrak batu dituzte egoera berezi honetan Euskaraldiak presentzia eta protagonismoa izan ditzan.
Ondorengo partaideek osatzen dute Euskara Mahaia: Azkoitiko Udala, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Azkoitiko AEK, Floreaga Salestar Ikastetxea, Floreagako Guraso Elkartea, Maxixatzen-UKT, Izarraitz Lanbide Heziketa, Xabier Munibe Ikastola eta bertako Udaberri Guraso Elkartea.
*Argazkia Euskaraldiaren lehenengo edizioaren aurkezpenekoa da.