Bileran Osasun sailburuarekin eta Azkoitiko alkatearekin batera izan dira Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea, Ertzaintzako buru Josu Bujanda eta Azpeitia, Ezkio, Legazpia, Urretxu eta Zumarragako alkateak.
Osasun sailburuak covid 19aren bilakaera izan du hizpide. “Azken egunetan datuak gorantz egin dute eta emandako informazioaren arabera, uneoro ari dira baloratzen neurri berriak hartu ala ez. Edonola ere, kolegiatutako erabakiak izan behar dute. Momentuz indarrean dagoen dekretuari heldu behar diogu, abuztuaren 19an argitaratutakoari”.
Espediente zigortzaileak azkartzearen garrantzia
Javier Zubizarreta alkateak bileran baliabide gehiagoren beharra aipatu du indarrean dagoen dekretua zorrotz bete ahal izateko. Besteik, espediente zigortzaileak azkartzeko ere eskatu du. Udaltzaingoak isunak jartzeko eskumena mugatua du. Covid 19ari lotutako arau-hauste gehienak tramitatzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio. Une honetan Azkoitiak 12 espediente ditu tramitean eta aipatu zuzendaritzak ebazpena emateko zain.
San Jose egoitzan denek emaitza negatiboa
Gipuzkoako Foru Aldundiak prebentzioko PCR probak egin ditu San Jose Egoitzan eta denek emaitza negatiboa eman dute, bai egoiliarrek eta bai bertako langileek.