Garitanok baheketaren inguruan balorazio positiboa egin du “aukera eman duelako bestela ziurrenik ezkutuan egongo ziren kasu berriak antzemateko eta isolatzeko, eta haien kontaktu estuen jarraipena eta isolamendua egiteko”. Halaber, herritarren partaidetza eta deialdiak jasotako erantzuna eskertu ditu Garitanok, “une honetan hain beharrezkoa den erantzukizun ariketa delako”.
Bere aldetik Javier Zubizarreta alkatea zuhur agertu da datuak ezagutu ostean. “Ezin gara erlaxatu, hala ere. Birusaren intzidentzia gure artean esanguratsua da eta pandemiaren aurkako borroka irabazi eta kontrolpean izateko ahalegin guztiak egin behar ditugu. Egia da azken egunetan orokorrean emandako goranzko joera ikusita, datu okerragoen beldur ginela. Prebentzio neurri honek birusaren hedapena geratzen lagunduko du behintzat eta ez da gutxi. Adituei dagokie emaitzen irakurketa egitea eta guri lanean jarraitzea baheketak ahalbidetu dizkigun datuekin konformatu gabe”.
Garitanok egin bezala, Javier Zubizarreta alkateak beste behin proba egitera joandako herritarren kolaborazioa eta jarrera eskertu nahi izan ditu.