Gaur eguerdian hustuta geratu da Gurea Pilotalekua desinfekzio lanekin hasteko, asteazkenetik PCR probak egiten egon ostean herrian egin den behaketa selektiborako. Guztira 3.152 herritarrek egin dute proba, alegia, “biztanleriaren %27,17ak. Kopuru garrantzitsua da”, esan du Javier Zubizarreta alkateak.
Alkateak bere esker ona adierazi nahi die “proba egiteko prestutasuna erakutsi duten herritarrei osasun operatibo berri hau martxa onean joan zedin. Erantzukizun kontua da eta erakusten du herri honek duen kontzientzia birusaren inguruan”. Osasun langileei eta operatiboan parte hartu duten guztiei ere eskerrak eman dizkie Javier Zubizarreta alkateak “duten onena eman dutelako”. “Herritarrei dagokienez, uste dut gehiengoak eskertu duela proba egiteko aukera izatea". 17 eta 60 urte artekoek izan dute aukera. Adin tarte horretan 6.567 lagun daude Azkoitian. Horietatik %48ak hartu du parte.