Atzo 700 PCR proba egin ziren Gurea pilotalekuan eta gaurko hitzordua hartuta dute 1.200 herritarrek. Asmoa da larunbat eguerdira arte jarraitzea testak egiten. Hitzordua hartzeko anbulatoriora deitu behar da, 943 00 76 10 telefonora edo zentrora bertara joan.
Javier Zubizarreta alkateak lasaitasun mezua luzatu du beste behin eta herritarrei kolaborazioa eskertu die. “Birusa gure artean dago eta ezin gara erlaxatu. Gaurko zifrek argi erakusten dute intzidentzia. 23 positibo atera dira eta datozen egunetan datu berriak izaten joango gara. Egiten ari garena ona da kutsadura kasuak kontrolatu eta saihestu ahal izateko. Orain arte, gure datuak ez dira apartekoak izan baina azken 15 egun hauetako joera gorantzkoa izan da eta garrantzitsua da erreakzionatzea. Prebentzio neurri hau birusa geldiarazteko tresna da”.
Baheketan parte hartzeko boluntarioki proba egiten dutenez ez daukate isolatuta egon beharrik emaitza jaso artean. Aldiz, sintomengatik edo kontaktu estuengatik PCRa egitera joaten direnak konfinatuta egon behar dute. Edonola ere, beharrezkoa da arduraz jokatzea agindutako segurtasun neurriak zorrotz betez, maskararen erabilera, eskuen garbiketa, e.a.