Igerilekuek segurtasun protokolo zorrotzarekin eta erreserba bidezko sistemarekin zabaldu zituzten ateak. Egun gutxira erreserba sistema kentzea erabaki zen igerilekuen edukierak ahalbidetzen zuelako eta erabiltzaileentzat erosoagoa zelako.
Ugarteigarango instalazioek 1.400 laguneko edukiera dute. Ondorioz, 840 erabiltzaile sar zitezkeen aldi berean. Gainera, Elkarguneko webgunean denbora errealean kontsulta zitekeen igerilekuetan tokirik libre zegoen edo ez.
Azkoitiko igerilekuak izan ziren lehenengoetarikoak irekitzen. Egoerara egokitzeko aldaketak egitea ezinbestekoa izan zen. Besteak beste, ordutegia aldatu zen eguerditan igerilekuak itxiz desinfekzio lanak burutzeko. Uretan jende bilketak saihesteko koloretako eskukoak ere banatzea erabaki zen.