Gaur prentsaurrekoa eman dute Imanol Aleson korrikalariak eta Marea Urdinako kideek egitasmoaren nondik-norakoak aurkezteko. Udal ordezkari gisa bertan izan dira Janire Igoa eta Angel Martin, Ongizate eta Kirol zinegotziak, hurrenez hurren, “garrantzitsua delako aniztasun funtzionalaren aldeko sentsibilizazio eta bisibilizazio lana inklusioan aurrera egiteko”.
Marea Urdinako kideek azaldu dutenez aurtengo urtea berezia izan da, plan eta amets asko zituzten “baina bidean geratu dira, bizi dugun egoeragatik eta orain aukera zoragarri hau etorri zaigu”.
Alesonek azaldu duenez lanbidez suhiltzailean izanda, eskoletara joaten da eta umeei nola lagundu pentsatzen hasi omen zen. Horrela Marea Urdinaren ateak jo eta “ate guztiak zabalik” aurkitu zituela azaldu du. Marea Urdinaren lana goraipatu du. Aleson bere oporraldiaz baliatuko da abentura burutzeko.
GR11 ibilbideak Pirinioak gurutzatzen ditu 800 kilometroko ibilbidean, Kantauri eta Mediterraneo itsasoak lotuz, Higer lurmuturra eta Cap de Creus. Azken puntu horretatik ekingo dio Alesonek bideari 13. etapan Hondarribira iristeko helburuarekin. Ibilbideak 56.000 metroko desnibela du.
Alesonek gaineratu duenez, Julian Morcillo mendi korrikalariak lagunduko dio. “Sareetan deialdia egin nuen norbaitek parte hartu nahi bazuen etaparen batean eta hasi da jendea deika. Julian Morcillok nirekin hasiko du ibilbidea eta bere asmoa da 13 etapak egitea”.
Egitasmoak ilusioa sortu du taldean eta sinbolikoki ere badu zer emana. Cap de Creusen Alesonek bi ur botila beteko ditu Mediterraneo itsasoko urarekin eta Hondarribian Atlantikoko urarekin nahastuko du, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa aldarrikatzeko.
www.GR11urdina.org webgunea sortu dute eta bertan aurki daiteke informazio guztia denbora errealean. Argazki eta bideoekin parte hartzen dutenen artean zozketak ere egingo dira.
Irailaren 27an eguerdi partean iritsiko dela Hondarribira aurreikusten du Alesonek eta jendea bertara gerturatzera animatu dute.