589 ikasle lau urtetan
Udalak aurreko legealdian sustatu zuen Hizkuntza Eskola Ofizialaren irekiera herritarrei hizkuntzak ikasteko erraztasunak emate aldera, lan merkatuan hizkuntzen ezagutza eskakizuna edota ondo baloratutako gaitasuna delako profil profesionalen artean. Hasieratik, duela lau urte, harrera oso ona izan du eskolak eta ikasturte berri bakoitzean lortu da eskaintza areagotzea aurreko urtearekin alderatuta. Ateak zabaldu zirenetik 589 ikasle igaro dira Azkoitiko zentrotik.
Hastear den ikasturtean ingelesa, alemana eta frantsesa irakatsiko dira ondorengo mailetan:
Ingelesa: B2.1, B2.2 eta C1. Bi talde osatuko dira B2.2 mailan.
Alemana: A1, A2, B1 eta B2.1.
Frantsesa: A1, A2 eta B1.
Alemaneko B2.1 eta frantseseko B1 mailak estrainekoz emango dira aurten. Halaber, lehenengo aldiz osatuko dira bi talde ingeleseko B2.2 mailan. Guztira 11 izango dira ikasle taldeak.
Zoritxarrez, aurten euskararik ez da emango eskaera ezagatik. Izan ere, gutxienez hamar laguneko taldea osatu behar da eta aurreko ikasturtean ez zen minimo horretara iristea lortu. Arrazoi hori tarteko, aurtengo ikasturtean euskararen irakaskuntza atzera bota duten arren, horrek berak erakusten du bailara honetan euskararen ezagutza eta erabilera mailak altuak direla eta ondorioz, eskaria urria dela.
Bestalde, aurrerapausoa izan da Azkoitian bertan azterketak egiteko aukera izatea Eibarreraino joan beharrik gabe. Aurten, neurri batean koronabirusa tarteko espazioen beharra handiagoa delako, ikasleek Azkoitiko geletan egin dituzte azterketak.