Halaber, biharko egunari begira Udalak eskatu du beste herrietatik jenderik ez etortzeko Azkoitira festarik ez dagoelako eta testuinguru honetan, jende multzoak saihestea ezinbestekoa delako.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, elkarren artean koordinatuta, kontrol zorrotzak egingo dituzte jende multzoak saihesteko eta maskararen erabilera bermatzeko, terrazetako eta tabernetako edukierak ere kontrolatuz.
Ostalaritzari ezarritako ordutegiek ere eztabaida sortu dute. Argitu behar da, ostalariekin adostasunik lortu ezean, Udalak ez duela eskumenik ordutegiak finkatzeko. Egin, egin daiteke, dekretu bidez baina horrek ez du inolako oinarri legalik edo babes juridikorik.
Asteburuan ez da nabarmentzekoa den intzidentziarik gertatu. Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiak ostalaritzako establezimenduen itxiera ordutegiak zabaltzea baimendu zuen ostiraleko autoan, ostalarien helegitea partzialki onartuz. Ondorioz, 01:30ean itxi beharrean establezimenduak, pasa den asteburuan ordutegi zabalagoa izan dute, nahiz eta Udalak baimendutako ordutegiak murrizteko akordioa lortu ostalariekin.
Auzitegiaren erabakiaren arabera, tabernak 01:30 arte egon daitezke zabalik, 03:00ak arte pubak eta 05:00ak arte diskotekak. Une honetan, eta gainerako erakundeek iragarritako neurriak aplikatzen hasi bitartean, horiek dira baimendutako ordutegiak. Azkoitian goizeko 03:00ak arte zabalik mantendu zitezkeen establezimenduak 02:30ean itxi zituzten eta 05:00ak arteko baimena zutenak 04:00etan itxi ziren. Horraino iritsi zen Udalaren eta ostalarien arteko adostasuna. Ostalaritzako ordutegietan murrizketak iragarri ditu bai Espainiako Gobernuak eta bai Eusko Jaurlaritzak eta datozen orduetan indarrean sartzea espero da aginduak buletinetan argitaratzen direnean.
Oraingoz, ez dagoena argi da noiz ezarri ahalko diren ordutegi murriztuak.